FINAL-ERDIETARAKO TXARTELA BIDERATUTA

2021/04/12
FINAL-ERDIETARAKO TXARTELA BIDERATUTA
Loiola Unibertsitatea 25
34 Ilcapo Hondarribia

Ilcapo Hondarribiak 25-34 garaitu zuen igoera faseko final-laurdenetako joaneko neurketan Bilboko Loiola Unibertsitatea.

Denboraldi borobila egiten ari dira Aitor Etxaburuk zuzentzen dituen jokalariak. Ligaxkako fasea porrota zer den ezagutu gabe bukatu zuten eta igoera faseko lehen neurketan bide beretik jarraitu dute. Etxetik kanpo eta joaneko neurketan, 25-34 mendean hartu zuten beti arerio zaila den Bilboko Loiola Unibertsitatea.

Mailaz igotzeko txartela nork eskuratuko duen erabakiko duen fasea garaipen sendoarekin ekin dio Ilcapo Hondarribiak. Erronka zaila zuten, final-laurdenetako joanekoa Bilboko Loiola Unibertsitatearen aurka jokatu zuten, baina horiek ere ez ziren gai izan talde hondarribitarra garaitzeko. Neurketa, aldiz, oso hotz hasi zuen Ilcapo Hondarribiak. 5-2-ko lehen partziala erdietsi zuen talde bilbotarrak eta Aitor Etxaburuk hutsartea eskatzera behartu zuten. Teknikariaren errietak eragina izan zuen, bost minututan markagailua irauli eta agintean jarri zen Ilcapo Hondarribia (5-6). Ordutik aurrera, Behe Bidasoa eskualdeko taldea mantendu zen markagailuan aurretik; hain zuzen ere, lehen 30 minutuak markagailuak 13-16 adierazten zuela bukatu zen.

Kontuan izanda joaneko neurketa zela eta itzulikoa Ondartza kiroldegian jokatu behar zutela, Ilcapo Hondarribiak markagailuarekin bikain jokatu zuen. Ez zuten presarik izan eraso luzeak egiteko pixkanaka-pixkanaka hiru goleko errenta handitzen joan ziren. Erasoko lana bikaina izan zen: Mikel Galanek 5 gol erdietsi zituen Tao Geyk 6 eta Eneko Furundarenak 9. Neurketa bukatzeko 10 minutu geratzen zirela, markagailuak 21-28 adierazten zuen. Emaitza ona, baina ez nahikoa. Taldeak gehiago nahi zuen eta lortu ere bai. Azkenean, 25-34 irabazi eta 9 goleko errenta eskuratu zuten itzuliko norgehiagokarako.

Final-erdietarako txartela bideratuta du Ilcapo Hondarribiak, gero eta gertuago du Euskadiko Senior Ligako txapeldun bilakatu eta mailaz igotzea. Final-erdiak formatu berean jokatuko dira, hau da, joan-itzuliko neurketetan; finala, ordea, neurketa bakarrera izango da eta bertan jakingo da zein bilakatuko den txapeldun.