Federazio Kopa altxatu dezake Real Unionek Galen

2015/04/15
Federazio Kopa altxatu dezake Real Unionek Galen

Azken pausoa besterik ez zaio falta Real Unioni. Federazio Kopako finaleko joanekoan 0-1 irabazi ondoren, eskura du garaikurra. Dena den, berdinketa beharko du behintzat Castelloren aurkakoan. Ostegunean izango da hitzordua, 20:30etan Stadium Galen. Futbol zelaia “betetzen” ahaleginduko direla adierazi du Ricardo García presidenteak, astearte goizean emandako prentsaurrekoan. Haurrak doan sartuko dira, eta bazkide bakoitzari bi lagun gonbidatzeko aukera emango dio klubak. Gainerako sarrerak hamar euroan salduko dituzte.

Federazio Koparen garrantzia azpimarratu nahi izan du Garcíak: “Estatuko hirugarren lehiaketa da, Ligaren eta Errege Koparen ondoren. 2.Bko taldeen eta Hirugarren Mailako txapeldunen arteko txapelketa da”. Jokalariek ere ilusio handia dute osteguneko partidarako. “Guretzat oso aukera polita da. Gainera, uste dut bultzada handia izango litzatekeela, ligari begira”, azaldu du Eneko Romo kapitainak. Horretarako, Castelloren kontra lehiatu beharko du Unionek. Hirugarren Mailan dagoen arren, talde gogorra dela erakutsi zuen valentziarrak Castalian. Galen irabaztera derrigortuta dago, eta arriskatu beharko du. Neurketa ikusgarria izan daiteke ostegunekoa.