Fédérale 1 mailaren atarian gelditu da Hendaia
Play off-eko final zortzirenetan amaitu da denboraldia Hendaiarentzat. Kanporaketa gainditzeak Fédérale 1 ligarako txartela zuen sari, eta eskura izan zuten xuriek. Baina ezin izan zioten joanekoan Ondarraitzen hartutako abantailari eutsi (29-27). Lauko abantailarekin irabazi zuen Angeluk etxean.
Euskal taldeen arteko kanporaketa ikusgarria izan da. Pareko taldeak dira Hendaia eta Angelu, eta maila handiko neurketak eskaini dituzte. Itzulikoan, xuriak fin ibili ziren lehen zatian, etxetik kanpo aritu arren (10-13). Bigarrenean, defentsako intentsitateak behera egin zuen, eta etxekoek markagailuari buelta emateko baliatu zuten aukera.
Puntu bakarreko aldeari eutsi zion Hendaiak, 78.minutuan Fauquék drop batekin asmatu zuen arte. Bi minutu falta zirenean galdu zuten xuriek kanporaketako abantaila. Jimenezek luzapenean azken ezustekoa emateko aukera izan zuen, baina huts egin zuen zigor kolpean. Hortaz, Fédérale 2an jarraituko du Hendaiak hurrengo denboraldian.