“FAMILIAK TRANSMITITU ZIZKIGUN ERROAK ERA HONETAN HELARAZI NAHI DITUGU, REAL UNION BERRIAREN KUDEAKETAN PARTE HARTUZ”

2021/06/25
“FAMILIAK TRANSMITITU ZIZKIGUN ERROAK ERA HONETAN HELARAZI NAHI DITUGU, REAL UNION BERRIAREN KUDEAKETAN PARTE HARTUZ”
Kazetari izatetik, bere familiarekin zerikusi handia duen klubeko lehendakari izatera igaroko da Igor Emery datorren uztailaren 21an. Emerytarren etorrerarekin, aro berria hasiko da Stadium Galeko bulegoetan, baita Behe Bidasoa Eskualdeko futbolean ere. Emerytarrak Real Unionen proiektua “sozialki, instituzionalki eta ekonomikoki sendotzeko” helburuarekin iritsi dira; bitartean, ilusioak gainditu ditu Bidasoa bailarako futbol zaleak. Datorren aro berri honen xehetasun guztiak, Real Unioneko hurrengo lehendakariarekin, Igor Emeryrekin, errepasatu ditugu.Real Unioneko lehendakaria izango zaren unean, nola aldatuko da zure egunerokoa?Orain arte etxe bat nuela eta hemendik aurrera bi izango ditudala esango nuke. Lehena, emazte eta alabarekin partekatzen dudana eta Stadium Gal izango da nire bigarren etxea. Egunerokoa Stadium Galen igaroko dut, erronka handi eta polit honi aurre egiteko prest.Kazetari izatetik, uztailaren 21etik aurrera, erantzukizun handiko lanpostua betetzera igaroko zara. Aldaketa nabaria al da?Erantzukizuna da gure taldean gehien baloratzen dugun hitza. Aurkezpenean esan genuen, sentimenduarekin, ilusioarekin eta bihotzarekin ekingo diogu erronka honi, baina hori guztiaren aurretik, erantzukizun handia dugu. Real Union izan zenak ematen dio zentzua oraingo Real Unioni, handitasuna berreskuratu nahi dugu.Zein izan zen egitasmo hau hasteko arrazoi nagusia? Behe Bidasoa Eskualdeko proiektua al da?Behe Bidasoa Eskualdeko proiektua da, baina, batez ere, gaur gu hemen egoteko arrazoi nagusia da Real Union handi egin zen garai horietan gure familiak parte hartu zuela. Aitona, osaba eta aitak Real Unionen jokatu zuten eta transmititu zizkiguten erroak era honetan helarazi nahi ditugu, kudeaketan parte hartuz.Etorkizunera begiratzea bezain garrantzitsua da atzerako ispilua izatea…Dudarik gabe. Real Unionen eta gure familiaren historia da zentzua ematen diona proiektu honi. Gaur egun klubaren egoera zein den kontuan izan behar dugu eta gure erronka da, epe motzean, Real Unioni egonkortasuna ematea eta klubak osasuna izatea. Kirol arloan gauza asko egiteke daude, ekonomikoki egonkortasuna lortu nahi dugu, baita sozialki eta instituzionalki ere. Hori lortzen badugu, poliki-poliki, kluba ahalik eta gehien indartzen saiatuko gara. Eibarrek edota Bidasoak hartu duten norabidea errepikatzea gustatuko litzaidake.Agerraldian proiektua sendotzeko lau ardatz garatuko zenituztela aipatu zenuen. Gehiago sakondu zenitzazke? Lau ardatzak asko sakondu ditzakegu. Lau ardatzak- bi norabideko taldeen lehentasunak, ilusioa, mugaz gaindiko lana eta familia izaera- guztiak izango dira lehentasunak. Denborak aurrera egin heinean, ardatz horiek guztiak sakontzen joango gara, lan dezente baitugu egiteke. Arlo guztietan berpiztu behar dugu Real Union: instituzionalki, komunikatiboki eta sozialki.Oraindik, ofizialki, ez zara Real Unioneko lehendakaria, baina taldeak ezin du gelditu: Uztailaren 21etik aurrera, Batzar Orokorra ospatu ostean, Ricardo Garciak eta bere lan-taldeak agur esango diote Real Unioni kontseilu gisa eta gu sartuko gara. Ordura arte, erabakiak gu hartzen gabiltza, baina lana koordinatua da. Hala adostu genuen, trantsizio honetan elkarrekin lan egitea Real Unionek funtzionatzen jarraitu behar duelako. Ricardo Garciaren kontseiluari urte horietan guztietan eginiko lanarengatik eskerrak eman behar dizkiogu.Stadium Gal birmoldatzeko asmoa duzue?Stadium Galen itxura, zentzu guztietan, aldatu nahi dugu. Instalakuntzaren, taldearen eta klubaren, osotasunean, irudia aldatu nahi dugu. Instalakuntzen aldetik, amets bat dugu, epe luzerako: gure harrobiak bere etxean jokatzeko eta hazteko aukera izan dezan, hainbat zelai izango lituzkeen kirol-gune bat sortzea nahi genuke. Hori guztia ez dago gure esku, Udaletxeak ere badu zer esan. Kirol arloari dagokionez, Real Union 1.Federazio mailan mantentzea izango da aurtengo helburua?Alde batetik, asko gustatzen zait epe luzean pentsatu gabe, neurketaz neurketa taldearen norabidea zehaztea, baina aurten lehen taldeak erakutsi digu oso lehiakorra dela. Iaz, Aitor Zulaikak, Gorka Etxeberriak eta kirol-idazkaritzak egin zuten lana oso ona izan zen eta aurtengo helburua lan horri jarraipena ematea izango da. Konfiantza osoa dut beraiengan eta oso pozik gaude aurten osatzen ari garen taldearekin. Pasa den denboraldian, aurten bigarren mailan arituko diren Sanse eta Amorebieta garaitu genituen; horregatik, taldean dugun konfiantza berresten dut. Dena den, lehen taldearen lehiakortasuna eta exijentzia formazioko talde guztietara ere helarazi nahi dugu.  Eskualdeko harremanak estutzea garrantzitsua al da?Harremanak berreskuratzeko lanetan hasiak gara. Hendaiako Les Englantinseko lehendakariarekin hitz egin dugu eta beraien beharrak zeintzuk diren ezagutu ditugu kolaborazio antzeko bat sortzeko. Hitzarmenak Nafarroara ere hedatu nahi ditugu, Beti Gazte eta Gure Txokoarekin harremanak landu nahi ditugu eta berdina gertatzen da Irun eta Hondarribiko taldeekin. Baionara iristea ere buruan dugu.Kapital zabalkuntza egiteko asmoa zertan datza? Kapital zabalkuntzaren bidez kluba indartu nahi dugu, akziodunei esker. Kapital zabalkuntza martxan jarriko dugu eta guztiz irekia izango da ekarpenak egiteko. Ikusten badugu jende asko interesaturik dagoela, egun dauden edo berriak izango diren akziodunak, albisterik pozgarriena litzateke.Edonola ere, pentsatutako kopurura iritsiko ez bazinate, Emery familiak hartuko al luke helburura iristeko gainkostua? Hori horrela da, baina lehendabizi akziodunek jakin behar dute akzio gehiago erosteko aukera izango dutela. Egitasmo berri honetan interesaturik dauden enpresa edota pertsona berriek akzioak erosi nahi badituzte, ongi etorriak izango dira.Aurrekontua 500.000 euro handituko da. Aurrekontu igoera da, baina ez dakigu zehazki Espainiako Federazioaren eskakizunak zenbatekoak izango diren. Horrez gain, telebistetatik zenbat dirun jasoko dugun ere zehazteke dago.Denboraldia noiz hasiko den ba al dakizue? 2.Federazio maila noiz hasiko den badakigu; 1.Federazio maila, berriz, ez. Abuztuaren 28 edota 29an denboraldia hasiko dela pentsatzen dugu.Taldea eskualdean entrenatzen hasiko da? Momentu hauetan, Stadium Galeko zelaia lantzen ari gara denboraldi-aurrea hasterako prest egon dadin. Gure helburua da taldea Behe Bidasoa Eskualdetik ez mugitzea. Lehen taldearen eta harrobiko taldeen lana baldintzatuko duen Stadium Galeko ondoko zelaiko lanak aurki hasiko dituzte, baina, gaur egun Hondarribiko zein Irungo zelaietako ateak bertan entrenatzeko irekiak ditugu.Denboraldi berriko taldea osatzen ari zarete. Zuretzat, zer nolako itxura hartzen ari da?Oso ondo gabiltza lanean. Ahalik eta talde indartsuena osatu nahian, idazkaritza teknikoa jo eta su lanean dihardu. Dena den, taldea baino gehiago, zaleak Stadium Galeko harmailetan ikusteko gogoa dut. Uztailaren 31n ekitaldi berezi bat antolatuko dugu eta irrikaz nago berriz zale txuri-beltzak beren eserlekuetan ikusteko.