Ezustekoa eman du Hondarribia Eskubaloiak

2020/01/01
Ezustekoa eman du Hondarribia Eskubaloiak

Hamalau porroteko segida hautsi zuen larunbatean Hondarribia Eskubaloiak. Itzuli oso bat zeraman punturik eskuratu gabe. Aurreko garaipena azaroaren 30ean lortu zuen, Askartzaren kontra. Aurkari berdina menderatu zuen larunbatean Hondarribiak, Leioan. Norgehiagoka estua izan zen, baina azken minutuetan fin ibili ziren berdeak. Bost minutu falta zirenean 23-23koa irudikatzen zuen markagailuak. Hondarribiak egin zituen hurrengo hiru golak, neurketa erabakitzeko.

Urdaneta gainditu du berriro Javier De la Hazaren taldeak sailkapenean. Usurbilek, aldiz, lau puntuko aldea du Hondarribiarekiko, liga bukatzeko lau jardunaldi falta direnean. Balentria beharko lukete berdeek mailari eusteko. Apirilaren 12an Uharte hartuko dute.

Zarautzen huts egin du Bidasoa Bk

Zarauzko Aritzbatalden galdu zuen larunbatean HTG Express Bidasoa Bk. Neurketa parekatua izan zen, eta gol bakarreko aldearekin irabazi zuten etxekoek (29-28). Gure Auzune bigarren sailkatuak ez zuen hutsik egin. Bi puntuko desabantailarekin, Bidasoa Bri lidertza lapurtzeko itxaropena mantentzen du.