Ezustekoa eman du Hendaiak
HENDAIA: Chaudière - Sallaber, Azpeitia, Gaillardet, Jaubert -Jimenez, Bainçonau - Lagenèbre, Zubizarreta, Sallenave - A. Ibarburu, Vial - Hiriart, Berho, Larribe.
Aldaketak: S. Ibarburu, Ezpeleta, Dudicourt, Moulay, Mahé, L. Mondela, Danjou.
MAZAMET: Mouffok - N. Marvielle, B. Marvielle, Pages, Bourdet - Garcia , G.Hallinger - Bosc, Assemat, L. Ruiz - Arvinte, Maffré – Destruels, De Souza, Nuninger.
Aldaketak: Ionescu, Jobe, Moret, Glories, Garric, Marty, Montagné.
Play off-eko final hamaseirenetan berpiztu da Hendaia. Azken lau partidak galdu ondoren eta min hartutako jokalarien zerrenda luzearekin ekin zion igandean Hendaiak fase finalari. Baina indarberrituta amaitu zuen norgehiagoka, Mazamet mendean hartzeaz gainera, jokorik onena berreskuratu zuelako. Ondarraitzen jokatu zuten taldeek joaneko norgehiagoka, eta etxeko taldea nagusi izan zen, ezustean. Atsedenaldirako abantaila zuen Hendaiak (15-10).
Bigarren zatian, xurien diziplina eskasa baliatu zuen Mazametek markagailua orekatu eta itxaropena berreskuratzeko. Hendaiak taldeko lana berreskuratu zuen, ordea, eta azken txanpa bikainarekin hamar puntuko aldea lortu zuen, itzuliko neurketarako. “Bere jokoa, bere bertuteak, bere errugbia berreskuratu ditu taldeak”, adierazi zuen Yannick Lamour entrenatzaileak, partidaren amaieran. Fase finalean aurrera egiten ahaleginduko da Hendaia. Hala ere, Fédérale 1era igotzea lortzen badu ere, klubak erabaki du ez duela plaza onartuko. Fédérale 2an jarraituko du Hendaiak hurrengo denboraldian.