EZ ZEN HUTS EGITEKO EGUNA
Garaipena gehien behar zuen unean, Real Unionek ez du erantzun eta igoera fasera sailkatzeko, bai ala bai, Bilbao Athletic garaitu beharko du.
Neurketa traketsa jokatu du Real Unionek La Floridan. Portugaletek intentsitate handiko neurketa planteatu du eta bikain jakin du irundarren jokoa oztopatzen. Unionek ez du arrisku sentsazioa eragin eta atzealdean inoiz baino ahulago aritu da. Jardunaldi honen ostean eta Racingen emaitza jakin gabe, Real Unionek 33 punturekin sailkapeneko laugarren postuan jarraitzen du. Egoera honetan, talde irundarrak igoera faserako sailkapena lortu nahi badu, bai ala bai Bilbao Athletic garaitu beharko du Stadium Galen.
Lehen 45 minutuetan gauza gutxi gertatu dira. Real Union sendo irten da La Floridako berdegunera eta hasieratik baloiaren jabetza eskuratu du. Portugaleteren aurka landu beharreko neurketak izaten dira; horregatik, Madrazo, Viguera, Azkoiti eta Thior zelairatu ditu Aitor Zulaikak hasierako hamaikakoan. Nahiz eta Real Unionek baloia kontrolpean izan, Portugaletek presio handia ezarri du zelaiko hiru laurdenetan eta asko zaildu du baloiaren mugimendua. 18.minutuan heldu da neurketako lehen abagunea. Thiorrek sekulako jokaldia egin du eskuin hegaletik, bi atzelariri iskin egin die, baina oso behartuta egin du jaurtiketa eta Jorge Mediavillak ez du zailtasunik izan baloia gelditzeko. Ordutik aurrera, neurketa berdindu da eta Portugaletek gora egin du. Thaylor Lubanzadiok eta Eneko Eizmendik, biak Real Unioneko jokalari ohiak, hasieratik jokatu dute Portugaleteko hegaletan eta bi hauen bitartez iritsi da talde bizkaitarraren arriskua. Bien artean egindako jokaldi baten ostean, 34.minutuan, baloia Arnedori erori zaio eta Real Unionen area ertzetik eginiko jaurtiketa Txustaren eskuetara joan da. Horiek izan dira talde irundarrak eta Portugaletek lehen zati osoan zehar izan dituzten bi abaguneak. Tentsio eta intentsitate handiko lehen zatia hutsean bukatu dute bi taldeek.
Bigarren zatian, hasierako minutuetan presioa hobetu du Real Unionek eta Portugaleteren baloi-zirkulazioa zailtasunetan jarri du. Gutxi iraun du presio sentsazioak. 52.minutuan, Eneko Eizmendik korner erdiraketa egin du, lehen zutoinean Santamariak ukitu du baloia eta bigarren zutoinean, bakar-bakarrik, Thaylor Lubanzadiok baloia sarera bidali du (1-0). Golak min egin dio talde irundarrari eta Portugaletek gora egin du. Bigarren jokaldi guztiak talde bizkaitarraren alde bukatzen zuten eta Real Unionen jokaldiek ez dute eraginkortasun handirik izan. 68.minutuan, ordea, Viguerak berdinketaren gola hurbil izan du, bere burukada, zutoinetik gertu, kanpora joan da. 74.minutuan, Portugaletek neurketa erabakita uzteko abagunea izan du, baina Estevek ez du ate aurrean asmatu. Lau minutu geroago, aldiz, bizkaitarrek ez dute hutsik egin. Salado Real Unionen area barruan sartu da, baloia gozo utzi dio penalti puntuan aurkitzen zen Musyri eta honek oso erraz Txusta gainditu du Portugaleteren bigarren gola egiteko (2-0).
Donosoren itzulerak ere ez du loalditik iratzarri Real Union. Saiatu saiatu da taldea; neurketaren norabidea aldatu nahian Ekhi Bravo, Guille Donoso, Jorge Galan eta Mario Capelete zelairatu ditu Aitor Zulaikak, baina oso berandu zen horretarako. 89.minutuan, neurketako aukera garbiena izan du Real Unionek; hain zuzen ere, Mario Capeleteren eta Jorge Galanen arteko jokaldi batetik. Irundarrak eskuin hegaletik baloia erdiratu du eta iruindarraren errematea zutoinera joan da zuzenean. Aukera horrekin batera, neurketa bere amaierara iritsi da. Portugaletearrak pozik, jeitsiera postuetatik irteteko hurbil daudelako, eta Real Union goibel, soilik aukera bakarra duelako igoera fasera igarotzeko.