EZ DABIL TXANTXETAN REAL UNION

2021/09/05
EZ DABIL TXANTXETAN REAL UNION
Real Valladolid Promesas 0
2 Real Union

(Argazkia: Ana Puente)

Lehen 25 minutuetan Alain Oiartzunek eta Nacho Sanchezek erdietsi dituzten bi golak nahikoa izan zaio talde txuri-beltzari beste hiru puntu batzeko.

Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina lehen bi neurketetan bi garaipen eta sei puntu batu ditu Real Unionek. Oso deserosoak diren bi aurkariren aurrean, DUX-en eta Real Valladolid Promesasen aurka, talde txuri-beltza 1.Federazio mailan berri honetan kontsolidatzeko eta norgehiagoka guztiak garaipenarengatik borrokatzeko prest dagoela azalerazi du. Golegileak, lehen jardunaldian atezainaren sarea urratu zuten berberak izan dira, ordena aldatuz: Alain Oiartzun eta Nacho Sanchez.

Partiduko lehen hurbilketa etxeko taldearentzat izan bada ere, Real Unionek lehen zatian izan dituen bi aukera garbienak asmatu ditu. Lehena, 10.minutuan, Alain Oiartzunek falta jaurtiketaz zuzen-zuzenean bidali du baloia sarera eta 24.minutuan, Nacho Sanchezek baloia ostu du eta ate aurrean bikain definitu du. Biek ala biek, lehen jardunaldian golarekin izan zuten lotura berretsi dute: Oiartzunek ezker hanka zoragarria du eta Sanchezek amaierara arte borrokatzen ditu baloiak. Lehen 45 minutuek ez dute beste ezer berezirik izan, hasierako hamaikakoan aurrealdean erreferentzia izan den Temenuzkhovek area kanpotik saiatu da gola egiten, baina jaurtiketa langaren gainetik joan da.

Atsedenalditik bueltan, berdinketaren bila Real Valladolid Promesasek aurrera egin du eta Txustaren areara urreratzen saiatu da. Saiatu da bai, baina talde txuri-beltzaren defentsa oso lerro sendoa dela erakutsi du. Julio Baptista futbolari ohiak zuzentzen duen taldeak ez du gola egiteko abagune argirik izan. Paulo Vitor, Deli eta Real Unioneko jokalari ohia den Fran Rivera saiatu dira Txusta estutasunetan jartzen, baina Real Unionek hutsean utzi du atea. Praderak, Vivancosek, Elizondok, Capeletek eta Santosek neurketako azken minutuetan garaipenaren parte izan dira. Aitor Zulaikak aldaketa guztiak egin dituenean, Gorka Kijerak kolpe gogorra jaso du Paulo Vitorrengatik. Buruko bi zonalde desberdinetan grapak jartzea behar izan du hegaleko atzelariak, bazirudien neurketa utzi beharko zuela, baina azken minutuan Zorrillako futbol zelai eranskinera itzuli da.

Garaipen oso garrantzitsua gaur Real Unionek erdietsi duena, talde erasokor eta bizkorra kontolpean izan du une oro eta bi jardunaldietan batu zezakeen puntuazio maximoa lortu du. Datorren ostiralean, 19:30ean, Stadium Galen, beste harrobiko talde baten aurka lehiatuko da talde irundarra: Celta B.