EUSKAL LIGAKO FINALA JOKATUKO DU ITSASMENDIK LEKAROZEN
Plaiaundin ere Touch errugbiko Espainiako eta Frantziako selekzioak arituko dira aurrez aurre
Larunbat honetan, 18 urtez azpiko Zaisa Txingudiko jokalariak Lekarozen egongo dira Baztan Menditarrak klubak antolatu duen 7ko errugbi txapelketan parte hartzen. Bertan, Zarautzek, Baztan Menditarrak eta Zaisa Txingudik osatzen duten Itsasmendi taldeak Euskal Ligako B multzoko finala jokatuko du Rioja RC-ren aurka, goizeko 10:30ean.
Neurketa hau erabakigarria izango da, izan ere, aurreko asteburuko joaneko partidan errioxarrek 69-21 irabazi zioten Itsasmendiri. Hala ere, itzulerako norgehiagoka hau oraindik irekia dagoela adierazi dute klubetik eta beraz, eskualdeko taldea indarrez aterako da zelaira garaipenaren bila.
Final honen ondotik, Baztango klubak antolatutako jardunaldi honi segida emango diote. Horretarako, Baztan Menditarrakeko, Zaisa Txingudiko, Zarautz Rt-eko eta RC Manresako taldeek 7ko errugbi txapelketa jokatuko dute euren artean. Bidasotarrek, denboraldia amaituta, ohiko hamabosteko modalitatean jokatzen ez diren udako txapelketa hauei hasiera emango diote horrela.
Espainiako eta Frantziako selekzioak Plaiaundin
Plaiaundin ere neurketa garrantzitsu bat jokatuko da larunbatean. Goizeko 10:00etan hasita, 40 urtetik gorako Espainiako eta Frantziako selekzioak arituko dira aurrez aurre. Lehendabiziko partida honi beste bik emango diote jarraipena. Izan ere, eguerdiko 13:00etan eta igandean, goizeko 9:00etan, bigarren eta hirugarren neurketak jokatuko dituzte bi taldeek. Norgehiagoka hauetan parte hartzen duten errugbilariek gainera, teknifikazio entrenamenduak eta kultur jarduerak ere izango dituzte asteburuan zehar.