Euskal Liga hasiko da Txingudi Rugby Taldeko seniorrentzat

2024/10/10
Biok Txingudik igandean (urriaren 13an) jokatuko du denboraldiko lehen jardunaldia, Arrasate/Eibar Btaldearen kontra. Zaisa Txingudik berriz, Iruña RC jasoko du bezperan etxean.
Euskal Liga hasiko da Txingudi Rugby Taldeko seniorrentzat
Yaiza Garcia

Errubiko Euskal Liga hasiko da asteburu honetan eta Txingudi Rugby Taldeko seniorrek lehen jardunaldiak jokatuko dituzte. Zaisa Txingudik etxean, Plaiaundin, eginen du debuta (larunbatean, 16:·30ean), eta Biok Txingudik berriz, Eibarren hasiko du denboraldia (igandean, 12:00). 

2024/25 denboraldiari hasiera emanen diote Txingudi Rugby Taldeko seniorrek asteburu honetan. Zaisa Txingudik etxean eginen du debuta, Plaiaundin, larunbat honetan (urriaren 12an, 16:30ean. Lehen jardunaldia jokatzeko, Iruña RC jasoko dute irundarrek. Aurkariak pasa den asteburuan hasi zuen Euskal Ligako ibilbidea, Uni Bilbo Cren kontra, eta bonus puntu bat lortu zuen bertan, nahiz eta emaitza orokorrean porrota jaso. Lehen partidu horren ondotik, sailkapeneko laugarren postuan kokatu dira iruindarrak. 

Bi taldeek gainera, ongi ezagutzen dute elkar. Aurredenboraldian lagunartekoa jokatu zuten Lekarozen eta nafarrak gailendu ziren. Irundarrek partida hartan egindako akatsak errepasatu dituzte azken asteetan eta joko ona zelairatzeko prest daudela ziurtatu dute Iñigo Camarero eta Leire Muñoz entrenatzaileek. 

Biok Txingudik etxetik kanpo hasiko du denboraldia

Biok Txingudik berriz, Eibarren jokatuko du denboraldiko lehen jardunaldia. Arrasate/Eibar B bisitatuko du Asier Gonzalezen taldeak, Unbe zelaian, igandean (urriaren 13an) 12:00etan. Hauek ere elkar ezagutzen dute dagoeneko eta, pasa den denboraldian, elkarren kontra jokatutako bi neurketetan Txingudi atera zen garaile. 

16 eta 18 urtez azpiko taldeen bigarren jardunaldiak

16 eta 18 urtez azpiko taldeek segida emanen diote denboraldiari eta bigarren jardunaldiak jokatuko dituzte asteburuan. Gazteenak Iruñeara joanen dira, La Unicaren kontra jokatzeko, igandean 11:30ean. Aurreko asteburuan garaipena eskuratu zuten eta horren ondorioz, Txingudi/Baztan B multzoko hirugarren sailkatua da. 

18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/AVK Bera Bera/Baztan taldea aldiz, Getxora joanen da larunbatean, 16:15ean, bertako taldearen kontra lehiatzera. Hauek ez zuten denboraldia ongi hasi, pasa den asteburuan, Durangoren kontra galdu eta azkeneko postuan kokatu baitziren.