EUSKAL HERRIKO SOKATIRA TXAPELKETAK OIARTZUNEN ETA LESAKAN GELDIALDIAK EGINEN DITU ASTEBURUAN

2024/01/10
EUSKAL HERRIKO SOKATIRA TXAPELKETAK OIARTZUNEN ETA LESAKAN GELDIALDIAK EGINEN DITU ASTEBURUAN

Larunbatean Oiartzungo Elorsoro Kiroldegian ariko dira tiran eta igandean berriz, Lesakako Udal Pilotalekuan

Euskal Herriko 8x8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketa Oiartzunen eta Lesakan ospatuko da asteburu honetan. Larunbatean Gipuzkoako herriko Elorsoro Kiroldegian ariko dira tiran, emakumeen 500 kiloko eta gizonen 600 kiloko bigarren jardunaldiak jokatzen. Igandean berriz, Bortziritan eginen du geldialdia, zehazki Beti Gazte taldearen etxeko udal Pilotalekun.

Abenduan zehar Euskal Herriko 8x8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketako lehen txapelak banatu ondotik, urtarrilean, Munduko Txapelketaren aitzinetik, azkenak jokatuko dituzte sokatiralariek. Asteburu honi dagokionez, jardunaldi bikoitza izanen dute. Izan ere, larunbatean Oiartzunen izanen dira tiran eta igandean berriz, Lesakan.

Oiartzungo jardunaldia Elorsoro Kiroldegian ospatuko da larunbat honetan, urtarrilaren 13an. 17:00etatik aitzinera bertan ariko dira lehian emakumeen 500 kiloko eta gizonen 600 kiloko bigarren jardunaldiak jokatzen. Lehenengo kategorian, Abadiño, Amaiur, Badaiotz, Berriozar, Beti Gazte, Ibarra eta Txantrea ariko dira aurrez aurre. Bigarren kategorian aldiz, Abadiño, Amaiur, Berriozar, Beti Gazte, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea, Zuraide A eta B eta Murueta.

Pasa den asteburuan, maila bereko lehen jardunaldiak ospatu ziren Berangon. Bertan, emakumeetan, Lesakako Beti Gaztek eta Ibarrak puntuetan berdindu zuten lehen postuan eta Amaiurrek osatu zuen behin-behineko podiuma. Gizonetan berriz, Lesakako Beti Gaztek lortu zuen lidergotza, 10 punturekin. Bere gibeletik, Zuraide A eta Ñapurrak sailkatu ziren. Asteburu honetan, lesakarrek lehen postu hori sendotzeko aukera aprobetxatuko dute.

Igandean berriz, urtarrilaren 14an, Lesakan jokatuko da misto taldeen 580 kiloko lehen jardunaldia. Udal Pilotalekuan ospatuko dira tiraldiak, 11:30etik aitzinera. Bertan, etxeko Beti Gazte taldearekin batera, Abadiño A eta B, Amaiur, Antsoain, Badaiotz, Berriozar, Ibarra eta Txantrea lehiatuko dira.