EUSKAL DERBIA BIDASOAK POLTSIKORATU DU
Jacobo Cuetararen taldeak puntuak batzen segitzen du denboraldiko azken herenean
Bidasoak Anaitasuna garaitu zuen atzo gauean Iruñean jokatu zen derbian. Sentsazio onekin eta, azken boladan lortutako emaitza onei ere segida emanez, Plenitude ASOBAL Ligako bertze bi puntu poltsikoratu zituen talde irundarrak. Atzoko neurketaren ondotik, sailkapeneko laugarren postuan kokatu da Bidasoa, 26 punturekin.
Derbia, espero bezala, hagitz parekatua hasi zen Anaitasuna kantxan. Bi berdinketen ondotik (1-1, 5. minutuan; 2-2, 8. minutuan), etxekoak agintzen hasi ziren eta gol bakarreko edo biko abantaila txikiak erdietsi zituzten. Hala ere, Bidasoak ez zituen besoak jaso eta berdinketaren bila jarraitu zuen lanean, hau lortu arte. Atsedenaldira iristeko bortz minutu falta zirenean, 12-12koa ezarri zuten markagailuan eta lehen ordu erdia agortuta, eta 0-6ko partziala eginda, aitzinetik ere jarri ziren (13-17).
Bigarren zatian, Jacobo Cuetararen mutilek ez zioten markagailuan lortutako abantailari ihes egiten utzi. Iruindarrek errenta txikitu arren (22-24, 48. minutuan), talde bisitariak emaitzari eutsi zion. Partzial txikiak lortuta eta Mehdi Harbaouik atean egindako lanari esker, Bidasoak 27-31ko markagailuarekin eskuratu zuen garaipena, eta bertze bi puntu gehiago ekarri zituen etxera bueltan.
Lehen lerroko jokalaririk gabe (Mitic eta Azkue deialditik kanpo), Bidasoak segidan eman zion azken partiduetan erakutsi duen maila onari eta horrela, denboraldiko azken herenean duten helburuei eutsi zieten. Atsedeneko astirik gabe, datorren larunbatean (apirilaren 8an), Cisne taldea jaso beharko dute irundarrek Artalekun (17:00).
(Argazkia: Oscar Arnaz)