Euskadiko Txapelketarekin amaitu du Hondarribiak aulki mugikorreko denboraldia
Euskadiko txapela jantzi du Hondarribia Arraun Elkarteak aulki mugikorrean, zortziko seniorreko kategoria nagusian. Maiatzaren 8an izan da, Legution (Araba). Iaz ere Euskadiko Txapeldun izan ziren berdeak, eta azken hamar edizioetatik zazpi irabazi dituzte. Gipuzkoa eta Euskadi mailan nagusitasuna erakutsi ondoren, alde batera utziko du Hondarribiak aulki mugikorra, udako arraun denboraldiaren prestaketan bete-betean sartzeko.
5:50eko denbora behar izan zuten hondarribiarrek ibilbidea osatzeko. Orioko ontzia hiru segundora gelditu zen, eta Deustukoa bederatzira. Ondorengo arraunlariek osatu zuten Hondarribiko ontziko eskifaia: Manex Aldai, Julen Castrillon, Iñigo Sagarzazu, Beñat Egiazu, Borja Oiartzabal, Meltxor Amunarriz, Ion Muguruza, eta Iker Linde (lemazaina).