Euskadiko jaurtiketa luzeko txapelketan hiru domina eskuratu zituzten BATeko atletek
Euskadiko jaurtiketa luzeko txapelketa ospatu zen asteburuan Durangon eta bertan izan ziren Bidasoa Atletiko Taldeko maila txikietako atletak. Guztira hiru domina eskuratu zituzten bertan, baita zenbat marka pertsonal on ere.
Olatz Elizadu 16 urtez azpiko kategoriako txapelduna izan zen diska jaurtiketan. 33,59 metroko jaurtiketarik onena lortu zuen, denboraldiko bere marka pertsonalik onena dena. Uzuri Martiarena berriz, txapeldunorde izan zen xabalina jaurtiketan. 34,31 metroko jaurtiketa eginda, bere marka pertsonalik onena ere lortu zuen Martiarenak. Azkenik, Unax Erasok zilarrezko domina eskuratu zuen mailu jaurtiketan. 51,72 metro lortu zituen eta podiumeko bigarren koskara igan zen.
Master mailan ere sei domina poltsikoratu zituzten
Master mailako BATeko atletak ere Durangon izan ziren eta guztira, sei domina ekarri zituzten bueltan etxera, urrezko hiru eta zilarrezko bertze hiru. W75+ kategorian, Juana M. Usabarrenak urrezko bi dominak eskuratu zituen. Batetik, mailu pisutsuaren jaurtiketan (7,47 metro) eta 2 kiloko mailu jaurtiketan (17,72 metro). Bertzalde, M50/59 kategorian, Miguel Arburua Euskadiko txapeldun izan zen xabalina jaurtiketan, 22,83 metro lortuta. Honez gain, zilarrezko hiru domina eskuratu zituen Arburuak: mailu jaurtiketan (17,68 metro), diska jaurtiketan (15,88 metro) eta mailu pisutsuaren jaurtiketan (7,96 metro).