Euskadiko 10K Txapelketa Hondarribian jokatuko da apirilaren 27an

2025/04/10
Higer Komarka Aldea elkarteak laugarren urtez Hondarribian antolatzen duen herri lasterketa izendatu du Euskadiko Atletismo Federazioak aurtengo 10K txapelketarako. Zirkuitu homologatua denez, marka ofiziala izango da, eta ibilbide lauari esker lasterketa azkarra egiteko aukera emango duela iragarri dute antolatzaileek. Dagoeneko 400 lagunek izena eman dute.
Euskadiko 10K Txapelketa Hondarribian jokatuko da apirilaren 27an

"Korrika egin ezazu zure 10K azkarrena" lelopean aurkeztu dute apirilaren 27an Hondarribian antolatu duten laugarren Hondarribia 10K lasterketa. Izan ere, Hondarribia oso egokia da halako lasterketak antolatzeko, eta Mikel Leal Higer Komarka Aldea elkarteko antolatzaileak azpimarratu duenez, «norbere marka hobetzeko, ibilbide laua denez zirkuitu azkarra izaten delako». Pizgarri gutxi balitz, aurtengo lasterketa Euskadiko Txapelketa izango dela iragarri dute antolatzaileek. Goizeko 9:30ean hasi eta ordu erdi igaro baina lehenago bueltan izaten dira lehen parte hartzaileak.

Goiz ematen dute irteera trafikoan ahalik eta eragin txikiena izateko. Lasterketa Minatera kaletik abiatuko da eta Portutik barrena aireportuko errepidera heltzen da, handik Amutera jotzeko. Bueltako bidea Kosta kaletik egiten dute Santa Engraziara eta Sabin Arana kaletik Portua auzoan sartu arte. Dena zuzen jotzen du gero, Ramon Iribarren kaletik igaro eta Kai Berriko azken muturrean amaituz. 

Euskadiko Txapelketa izango den heinean, lasterketa homologatua dela gogorarazi dute antolatzaileek. Eta beraz, denborak ofizialak izango dira. Mikel Lealek aurreratu digunez momentuz 400 lagunek izena eman dute, eta haien artean maila handiko jendea, baina herri lasterketa izaera duenez, nahi duen orok parte har dezake. «Betidanik egon da zaletasuna Hondarribian, baina azken urteetan gorakada nabarmena izan du korrika egiteak, eta jende asko ikusten da entrenatzen herrian halako lasterketak egiteko», dio antolatzaileak, denentzako aukera paregabea dela gogoratuz. 

Lasterketaren helburua kirola eta osasun sustatzea dira nagusiki, baina kirolariekin batera, ikusle anitz erakartzen dituela azpimarratu du antolatzaileak, eta horrek hiriko ekonomia eta turismoa ere indartzeko baliagarria delakoan dago, ostalaritza eta merkataritza bultzatuz. 

Esan bezala, memento honetan 400 korrikalarien langa gainditu dute dagoeneko, eta izen-emateak Kirolprobak webgunean egin daitezke 20 euroko prezioan garaiz dabiltzanentzat. Apirilaren 21etik aurrera, 25 eurotara pasako baita.