Europarako txartela ziurtatu du Leka Eneako gizonezkoen talde nagusiak

2017/04/26
Europarako txartela ziurtatu du  Leka Eneako gizonezkoen talde nagusiak

Hurrengo denboraldian Europako lehian ariko da Leka Enea mahai tenis elkarteko gizonezkoen talde nagusia. Liga lehen sei sailkatuen artean bukatzea bermatu du, larunbatean Burgosen irabazita (1-4). Errenta handia lortu zuen azkenean markagailuan, baina neurketa orekatua izan zen, hala ere. Endika Diezek, Jaime Vidalek eta Dorde Borcicek osatu zuten talde irundarra. Laugarren postuan amaitzeko aukera ere izan dezake Leka Eneak. Momentu honetan toki horretan dagoen Arteal Santiago hartuko du hurrengo jardunaldian, Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroan. Bi puntu gehiago dituzte galiziarrek.

Emakumeen taldearentzat amaitu da aurtengo liga, eta ez du lortu Europarako sailkatzea. 0-4 galdu du azken jardunaldian, Priego bosgarren sailkatuaren kontra. Jin Zhang eta June Izquierdo eta June Garcia gazteak izan ziren talde irundarraren ordezkariak. Emakumeen bigarren taldeak, Ohorezko Mailara igotzea lortu du. Beraz, hurrengo denboraldian Leka Eneak emakumeen taldeak edukiko ditu lehen bi kategorietan.