EUROPARAKO BIDAIAK PREST DITU BIDASOAK
Azken unean sufrituta, baina Bidasoak Puente Genil 31-28 garaituta eta 51 puntu patrikan, datorren denboraldian Europako Txapelketan lehiatzeko txartela ziurtatu du. Rodrigo Salinas eta Iñaki Cavero izan dira norgehiagokako jokalari erabakiorrenak.
Arrapaladan, hasieran eta bukaeran.
Neurketa inoiz baino biziago hasi du Bidasoak. Uholdea balitz bezala, kontraeraso eta trantsiziozko jokaldien bidez, 5-1 jarri da partiduan aurretik. Lehen lau golak, segidan, talde irundarrarenak izan dira; Crowley, Cavero birritan eta Matheus Da Silva izan dira golegileak.
Lehen minutu ziraragarrien ostean, Angel Ximenez-Puente Genilek etxekoen abiada geratzea lortu du. Alvaro De Hitak atepean lan ona egin du eta aurrean asmatzen hasi da talde andaluziarra. Bost minututan, 5-1etik 6-4kora hurbildu da Puente Genil. Neurketa berdinduta, Jacobo Cuetarak azken bi neurketak jokatu ez dituen Sergio de la Salud jokoan sartuarazi du. Puente Genilek berehorretan segitu du eta gol bateko aldera hurbildu dira lehen zatiaren erdialdean (8-7, 15.minutuan). Cuetarak, Bidasoako teknikariak, hutsartea eskatu du eta Bidasoa, berriz, jokoa zuzendu du.
20.minutua iritsi denean, Bidasoak martxa berri bat sartu nahi izan dio neurketari eta, partiduko hastapenaren antzera, arrapaladan, sekulako partziala ordainarazi dio kanpoko taldeari. Rodrigo Salinasen (5 gol lehen zatian), Iñaki Caveroren (4 gol lehen zatian) eta Jon Azkueren lanaren bidez, azken hamar minutuetan 7-2ko partziala gauzatu du atsedenaldira 20-13ko abantailarekin iristeko. Lan horretan, Tesoriere-Da Silva hesiaren eta Xoan Ledoren (5 geldiketa lehen zatian) lana ere ezinbestekoa izan da.
Lehen zatian gol zaparrada; bigarrenean, berriz, mantentze lana.
Bigarren zatian, Paco Bustosek, Puente Genil taldeko entrenatzaileak, Admir Ahmetasevic atezaina jarri du atea zaintzen, eta, joaneko neurketan bezala, Bidasoaren lehen lau saiakerak geratzen hasi du bere jarduna. Hori gutxi ez bezala, jokaldi berean, bi minutuko bi zigor jaso ditu Bidasoak. Lehena, Tom Tesorierrentzat izan da, eta bigarrena, protesta egiteagatik, Jacobo Cuetararentzat. Bi minutu bi jokalari gutxiagorekin aritu da Bidasoa, baina Puente Genilek ez du abantaila behar bezala baliatu. 5 goletara hurbildu da talde andaluziarra (21-16, 40.minutuan), baina Bidasoa sendo jakin du aldea mantentzen.
Etxeko taldea zazpi goleko aldea berreskuratu duenean (24-17), Jon Azkuek eta Javi Garciak, Puente Genileko piboteak, kolpe gogorra jaso dute eta neurketa eten da. Biek min hartuta utzi behar izan dute kantxa; Azkuek horkatila minduta eta Garciak belauna. Etenalditik, Puente Genilek hobe berrekin du neurketa eta pixkanaka-pixkanaka aldea jaten hasi zaio Bidasoari. Neurketa bukatzeko 10 minutu geratzen zirela, 25-21 hurbildu dira markagailuan eta bi minutu ondoren, 26-23ra ere gerturatu dira. Jacobo Cuetarak, hobe beharrez, hutsartea eskatu du eta Jose Manuel Sierra jarri du talde irundarraren atepean talde andaluziarraren azken saiakerak eragozteko.
Azken bost minutuak biziak izan dira, oso. Castrok eta Cuencak 28-26 hurbildu dute Puente Genil. Sergio de la Saludek, maisuki eta baselinaz, 29-26koa ezarri du eta Paco Bustosek hutsartea eskatu behar izan du. Hutsartetik irten ostean, Castrok zazpi metroko jaurtiketa gauzatu eta 29-27 estutu du norgehiagoka. Rodrigo Salinasen eta Iñaki Caveroren azken golek lasaitasuna eman diote amaierako minutuei eta Bidasoak garaipen berria eskuratu du. 31-28, Europarako pasaportea zigilatuta eta 51 puntu sailkapenean.
Hitzordu garrantzitsuak.
Gauzak horrela, bi neurketa geratzen zaizkio Bidasoari aurtengo Sacyr Asobal Liga buka dezan. Azken bi arerioak sailkapen nagusian goi-postuetan kokaturik dauden Incarlopsa Cuenca eta Frakin Granollers izango dira, hurrenez hurren. Hirugarren postua eta datorren denboraldian Europan jokatzeko plaza ziurtatuta, Granollersek berreskuratu behar dituen neurketak jokatu ez arte, Bidasoak ezin izango du denboraldia lasai bukatu. Talde irundarrak geratzen zaizkion bi neurketak irabazi beharko ditu txapeldunorde izan eta denboraldia borobiltzeko.
Fitxa teknikoa.
31 - Bidasoa-Irun (20+11): Ledo (1) (Sierra); Cavero (6, 1p), Crowley (4), Racotea (2), Aginagalde (4), R. Salinas (7), Azkue (4, 1p); Santano, Zabala, Serrano (1), De la Salud (1), Tesoriere, Da Silva (1), Nieto y Bonanno.
28- Ángel Ximénez Puente Genil (13+15): De Hita (Ahmetasevic); M. Da Silva, Cuenca (6), García (5), Tua, Mollino (3), Estepa (1); Castro (5, 2p), J. Da Silva (4), Melgar, Padilla, Mitic (4), Díaz y Poveda.