Europan aurrera egin dute Leka Eneako bi taldeek
ETTU Cup Europako kluben txapelketako lehen kanporaketa gainditu dute Leka Eneako talde nagusiek. Gizonezkoak etxean aritu dira, Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroan, Universidad de Burgos taldearen, Portugalgo Juncalen, eta Ukraniako GCE MSC Tennis Acamedyren kontra. Hiru arerioak gainditu ditu Leka Eneak, hurrengo kanporaketara aurrera egiteko. Hamahirugarren parte hartzea dute Leka Eneako gizonek ETTU Cup kopan.
Zazpigarrena dute emakumeek, eta ondo hasi dira, haiek ere. Etxetik urrun izan dute lehen hitzordua, Greziako Florinas hirian, bertako taldearen, Portugalgo Juncal eta Toledo taldeen, eta Luxenburgoko DT Nidderkäerjeng eta Diddeleng taldeen kontra. Emakumeek ere partida guztiak irabazi dituzte, eta hurrengo kanporaketan egongo dira.