Europako lehian dira Leka Eneako taldeak
Gizonezkoen Superdibisioko Leka Eneak eskura du Europako txartela. Bosgarren postuan daude mutilak, baina laugarrenarekin berdinduta daude. Escala da hurrengo sailkatua, eta bederatzi puntu gutxiago ditu. Leka Eneak joan den asteburuan lortu zuen azken garaipena, San Sebastian de los Reyesen aurka. Neurketa erosoa izan zen, 4-0 irabazi baitzuten irundarrek. Lanik handiena Jaime Vidalek eduki zuen, 3-2 irabazi baitzuen. Gainerako partidak 3-0ekoarekin amaitu ziren. Ostiralean Rivas hartuko du Leka Eneak, Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroan (18:30).
Emakumezkoen taldea, lehia bizian
Superdibisioko neskek ere Europa mailan aritzeko sailkatzea dute helburu. Laugarren tokian daude, baina gertu dituzte aurkariak. Momentu honetan Europatik kanpo geldituko litzatekeen Linaresek bi puntu gutxiago ditu. Talde horren aurka jokatuko du Leka Eneak bere hurrengo hitzorduan. Maiatzaren lehenean izango da, eta Andaluziatik itzulia egingo du orduan Leka Eneak. Priegoren aurka ariko da bezperan.