Europako brontzezko domina jantzita, Joko Olinpikoetarako txartela lortu du Elosegik

2016/05/15
Europako brontzezko domina jantzita, Joko Olinpikoetarako txartela lortu du Elosegik

Europako Slalom Txapelketa batean inoiz lortutako emaitzarik onena erdietsi du Ander Elosegi palistak Eslovakian, Liptovsky Mikulas hiriko kanalean. Brontzezko domina lortu du, eta gainera, Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetarako txartela eskuratu du. Hori zen irundarraren helburu nagusia. Plaza bakarra gelditzen zen C1eko proban, eta hura eskuratzeko azken aukera zuen Elosegik. Kale edo bale egiteko momentua zuen Europako Txapelketan.

Finalerako sailkatzea lortuta, plaza olinpikoa berea zela jakin zuen Ander Elosegik. Beste bederatzi finalistek bazuten txartela, beraz, irundarrarena izango zen azkena. Sailkatzeak bultzatuta eta animatuta, bikain aritu zen Elosegi finaleko jaitsieran. Michal Martikan eslovakiar beteranoa eta Slafkovsky herrikidea igo ziren podiumeko lehen bi tokietara. Ander Elosegi izan zen hirugarren, eta ospakizunetarako arrazoi bikoitza izan zuen. Hirugarren aldiz ariko da irundarra Joko Olinpikoetan.