Etxetik kanpo ere sendo dabil Bidasoa-Irun
MARISTAS ALGEMESí:Ferragud, Borrás (1), Botella, Navarro, Quiles, Marco (5), Sales (2), Pastor (1), Martínez (2), Esquer (2), Vidal (7), Herranz, Moreno (2), Lorasque (7), Arguillas
BIDASOA-IRUN: Zubiria, Cavero (1), Trkulja (2), Vázquez (1), Crowley (4), Revin (1), Iriarte (5), Zildzic (2), Gimeno, Mindegia, Muiña (9), Fuentes, Alzaga, Azkue (6).
MARKAGAILUA: 1-3, 2-7, 4-10, 6-11, 8-14, 9-18 (atsedenaldia); 12-21, 17-23, 20-24, 22-28, 25-28, 29-32.
Algemesín irabazi du eguerdian Bidasoa-Irunek. Jardunaldiko emaitzek mesede egin diote gainera, eta seigarren den Navarekin berdinduta dago orain Irungo taldea. Valladoliden aurkako partidako gidoia errepikatu du lehen zatian. Banakoaren ondoren, sei gol sartu ditu segidan Bidasoak, 1-7ko argigarria ezarriz markagailuan. Nagusitasunari eutsi dio Irungo taldeak atsedenaldira arte. Joan den asteko diferentzia berbera irudikatu du markagailuak hogeita hamargarren minutua betetzerakoan (9-18).
Bide beretik heldu dio Bidasoak bigarren zatiari. Hamarreko errenta lortu du 36.minutuan (12-22). Bazirudien norgehiagoka erosoa izango zela Fernando Bolearen taldearentzat. Baina bira bortitza eman du bigarren zatiaren erdian. Algemesík desabantaila murriztea lortu du, eta estu hartu du Bidasoa 46.minutuan (22-24). Jon Azkue jokalari erabakigarria izan da hurrengo minutuetan, hiru golekin krisiari amaiera emateko. 22-28koarekin sartu da talde horia azken hamar minutuetan, eta ez du garaipenari eusteko arazorik izan. Pedro Fuentesek eman du albisterik okerrena. Lesio larria egin du belaunean, eta lau eta sei hilabete arteko denbora tartea beharko du osatzeko.