Etxeko jaitsieran nagusi izan da Hondarribia
Urteko lehen indar erakustaldia egin du Hondarribia Arraun Elkarteak. Hondarribiko XVI. Traineruen Jaitsieran izan da, joan den larunbatean. Bi ontzi sartu dituzte berdeek Orioren, San Pedroren eta San Juanen aurretik.
Lehen eta bigarren ontzietako arraunlariak nahastu zituen Mikel Orbañanos entrenatzaileak, eta bi ontziek maila handia eman zuten. Hondarribia Ak 21:14ko denbora behar izan zuen ibilbidea osatzeko. 17 segundo gehiago, aldiz, Hondarribia Bk. Oriori 25 atera zizkion lehen ontziak, 31 San Pedrori, eta 40 San Juani. San Miguel ligako Astillero eta Zumaia are atzerago gelditu ziren.
Itsaso zakarra zela eta, lehen edizioetako ibilbidea egin behar izan zuten. Jabier Ugarte lorategien paretik ibaian gora abiatu ziren ontziak, Irunen eta Hendaiaren arteko irletan ziaboga egin zuten, bueltako bideari ekin aurretik.
Nesken lehen estropada
Hondarribiko neskek trainerua izango dute aurten berriro. Larunbatean, lehenengo estropada jokatu zuten. Orioren eta Hibaikaren atzetik gelditu ziren. Beteranoetan, Zumaiak irabazi zuen jaitsiera, Getxoren eta Fortunaren aurretik.