Etorkizuna orainaldi bilakatu da

2019/01/11
Etorkizuna orainaldi bilakatu da

Hirugarren denboraldia du emakumeen Bidasoa XXI Oiasso waterpolo taldeak. Igeri egiteari utzi zion lagun multzo batek ekin zion abenturari, mutilen bidea jarraituta. Pixkanaka neska gazteak ere animatu dira, eta bilakaera ikaragarria ezagutu du taldeak denbora gutxian. Sailkapeneko hirugarren tokian bukatu dute aurten Euskal Ligako lehen itzulia. Euskal Herriko Kopan txapeldunorde izan dira. “Etorkizunerako proiektua zen hau. Baina neskek ez dute bidea ibilian egin nahi, korrika baizik”, azaldu du Javi Aguilar entrenatzaileak.

Igeri egiteaz nekatuta, esperientzia berria bilatu nahi izan zuen duela lau urte neska talde batek. Lehenago Oiasso waterpolo taldea osatu zuten mutilak zituzten erreferentzia gisa, eta haiek egindako bidea jarraitu nahi izan zuten. Hasierako multzo horretatik egungo taldean lau neska besterik ez dira geratzen. Eider Alzaga da horietako bat: “Waterpoloa probatu nahi genuen behintzat, eta gustatu zitzaigun”. Jokalari bakar batek zeukan esperientzia waterpoloan: Ona Perezek, Sergi Perez mutilen entrenatzailearen alabak. Taldea sortu zenean, UPNAn jokatzen ari zen, Iruñean. Taldekideek zerotik hasi behar izan zutela gogoratzen du: “hondoa ukitzea debekatuta dagoela, edo baloia esku batekin hartzen dela azaldu behar izan genien”.


Nagusien taldeak lehen urratsak ematen zituen bitartean, neska gazteen formazio lanari ekin zion Bidasoa XXI klubak. “Gazteenak batera hasi ziren, eta elkarrekin egin dute gora. Hori dela eta, multzo trinkoa osatzen dute”, azpimarratu du Sergi Perezek. Gaur egun lehen taldean ari dira gehienak, eta nabari da jaso duten prestakuntza. “Txikienek guk baino hobeki jokatzen dute. Asko eta azkar hazi dira”, baieztatu du Eider Alzagak. Oso talde gaztea da, gaur egun, Bidasoa XXI. Hogeita bost urte ditu jokalari helduenak, eta hamalau, gazteenak. Gehienek ez dituzte hemezortzi urteak bete. Javi Aguilar entrenatzaile kataluniarrak 2014/2015 denboraldiaren hasieran hartu zuen taldea, harrituta: “Oso talde gaztea aurkitu nuen, baina gogoz eta ilusioz betea”.


Aurreikuspenak hautsi ditu taldeak


Denboraldiaren hasieran, bosgarren tokian sailkatzea jarri zuen helburu Aguilarrek. Joan den urtean azkenaurreko postuan bukatu zuen liga Bidasoa XXI Oiassok. Baina aurten hirugarren bukatu dute neskek lehen itzulia, liderrarekiko puntu bakarreko desabantailarekin. Lehen biek igoera fasea jokatzen dutela kontuan hartuta, bestelako helmugak ere plantea ditzake taldeak. “Maila nazionalera igotzeko helburua hiru urte barru irudikatzen nuen nik”, onartu du entrenatzaileak. Gazteek, berriz, ez dute epe luzerako asmorik. Oraina bizi dute. Espainiako selekzioarekin aritu izan den Patricia Hoyos atezainak ez du aurten igoera fasea jokatzeko aukera baztertzen: “Argi dago zaila izango dela, baina ahaleginarekin edozer lor dezakegula uste dut”.


Urtarrilaren 25ean, Euskal Herriko Kopako lauko finalean aritu ziren neska irundarrak, Gasteizko Mendizorrotzan. Finalerdian Santoña gainditu zuten (3-6). “Lauko finalean sartze hutsa lorpen handia zen. Finalerdia gainditzea, zer esanik ez”, nabarmendu du Javi Aguilarrek. Finalean Leioa indartsua izan zuen aurkari Bidasoa XXIek. Azken laurdenera arte eutsi zion Irungo taldeak, baina 4-11 galdu zuen azkenean. “Intentsitate handiko partidua izan zen, eta leher eginda bukatu genuen. Urduritasuna ere nabaritu genuen”, onartu du Ona Perezek. Gazteenek batzuetan hoztasun handiagoarekin jokatzen ikasi behar dutela uste du jokalariak. Hala ere, ontzat eman du lauko finalean hartutako esperientzia: “Denboraldiaren hasieran ez genuen inondik ere espero maila honetan ibiliko ginenik”. Ziztu bizian aurrera egiten ari da nesken waterpolo taldea.