Etekin eskasa atera dio Mariñok bi jardunaldiko asteari
Ligako bi partida jokatu ditu Mariñok lau eguneko epean. Biak etxean, Landetxan. Hala ere, puntu bakarra eskuratu ahal izan du. Ostegunean Pauldarrak aurkari zuzena hartu zuen, baina ezin izan zion min handirik egin. Barakaldoko taldea nagusi izan zen, eta hiru gol sartu zizkion (0-3). 19.minutuan lehenengoa, bigarren zatia hasi bezain pronto bigarrena, eta luzapenean hirugarrena.
Igandean Eibar hartu zuen Mariñok. Defentsan sendoago aritu bazen ere, erasoan ez zuen eraginkortasunik izan. Hutsean amaitu zen norgehiagoka, eta puntuak banatu zituzten Mariñok eta Eibarrek. Azken jardunaldietan izandako emaitza txarren ondorioz, jaitsiera postuetan sartu da Irungo taldea. Atsedena hartzeko denbora izango dute orain neskek, urtarrilera arte ez baita ligako lehia itzuliko.