Estropezu egin du Bidasoak
BIDASOA-IRUN: Zubiria, Cavero (4 goles), Trkulja (2), Crowley (3), Zildzic (1), Muiña (5), Azkue (4). Dejanovic, Vázquez (4), Revin (3), Penón (1), Gimeno, Jauregui, Alzaga (1).
BARCELONA B: Ledo, Rey, Amigo (1), Tremps (3), Miralles (1), Márquez (5), Folqués (4), Lancina (8), Baumgartner (1), Hernández, Gómez (2), Admella, Dhujshebaev (3), Sáez (3), Cabello, Castro (1).
MARKAGAILUA: 3-3, 5-4, 6-7, 8-9, 12-10, 15-13 (atsedenaldia); 16-17, 17-19, 20-21, 23-24, 24-30, 28-32.
Hilabete erabakigarriko lehen hitzorduan, huts egin du Bidasoa-Irunek. Barcelona Bk mendean hartu zuen larunbatean, Artaleku kiroldegian. Lehen zatia bizia izan zen, erritmo handikoa. Markagailua parekatuta ibili zen, 25.minutura arte. Defentsa sendoari eta Zubiriaren esku-hartzeari esker, bi gol sartu zituen Bidasoak minutu horretan. Zildzic eta Vazquez izan ziren golegile, 14-10ekoa jartzeko. Dena den, abantailak ez zuen gehiegi iraun. 15-13ra murriztu zuen desabantaila Barçak atsedenaldirako.
Bigarren zatian, kanpokoen irteera askoz hobea izan zen. Gainera, Amer Zildzicek txartel gorria ikusi zuen. 49.minutuan 16-19 irabazten ari ziren kataluniarrak. Bidasoak ez zuen lehen zatiaren amaierako sendotasuna erakutsi defentsan. Hala ere, lehiara bueltatzea lortu zuten. Partidaren amaierarako ordu laurdena falta zenean, Revinek 21-21ekoa jarri zuen markagailuan. Amaiera estua izango zela zirudien. Orduan, irundarren nekea agerian gelditzen hasi zen. Aurkariak jokalari gehiago erabili zituen, arlo fisikoan indartsuagoak.
50.minututik aurrera, neurketa ziztu bizian erabaki zuen Barcelona Bk. 0-6ko partzialarekin, 23-30ekoa jarri zuen markagailuan. Aldea ikaragarria zen, ez zuen neurketa osoan zehar pistan ikusitakoa irudikatzen. Bidasoak nola edo hala emaitza apaintzea lortu zuen, azken minutuetan amorerik eman gabe. Sailkapenari dagokionez, play-off postuetatik kanpo gelditu da Bidasoa, Navak Antequeraren kontrakoa irabazi zuelako. Nava izango da, hain zuzen ere, irundarren hurrengo aurkaria. Segovian galtzen baldin badu, igoera fasean sartzea helburu zaila izango da Bidasoarentzat.