ESTEBAN SALINAS ETA MARC GUARDIA BIDASOAREN BORRERO
Marc Guardiak 14 geldiketekin eta Esteban Salinas 8 golekin Bidasoaren denboraldiko 13.garaipena zapuztu dute.
30 - Fraikin Granollers (13+17): Guardia, Pérez (3), Lancina (1), Chema Márquez (6), Valera (4), Esteban Salinas (8), Gassama (4); Gurri, Ferré, Marc García, Martínez (2), Armengol, Franco eta Antonio García (2).
29 - Bidasoa Irun (15+14): Ledo, Crowley (2), Racotea (1), Kauldi (4), Salinas (7), Tesoriere, Matheus da Silva; Sierra, Zabala (1), Gey-Emparan (2), Julen, Serrano (2), Azkue (4), De la Salud (5), Bartok (1 p.) eta Bonanno.
Ilusioarekin, sasoian eta BM Benidormen aurka garaipena erdietsita iritsi da Bidasoa Granollerseko Palacio de los Deportesera. Bertan, denboraldi irregularra egiten ari den Granollers taldeak jaso ditu eta sailkapen nagusian 10.postuan dauden arren, sekulako neurketa eginez, Bidasoa gol batengatik gainditu dute (30-29).
Jacobo Cuetarak bidaiaren aurretik ohartarazi zuen Granollers oso bizi jokatzen zuen taldea zela. Hain zuzen ere, bizitasun horrekin, Granollersek hobe ekin dio neurketari. 3-1 jarri dira aurretik, baina segituan Bidasoa 4-3ra hurbildu da. Hasieran, bi taldeetako atezainak jazo dira protagonista; Xoan Ledok 2 geldiketa jarraian egin ditu eta Marc Guardiak 4, lehen zatian 8 geldiketekin bukatu du atezain kataluniarrak. Etxeko taldeak lehen abantailak lortu ditu, bi goleko aldearekin 16.minutura arte mantendu da. Minutu baten buruan, 8-6 galtzetik 8-8 berdintzera igaro da Bidasoa, Jon Azkuek eta Tao Geyk bi eraso bizkorretan egin dituzte golak. Antonio Garciak aldaketa gaizki egin ostean, bi minutu egotzi dute eta Bidasoak 10-12 aurretik jartzeko baliatu du. Alde horren baitan mantendu du abantaila talde irundarrak eta atsedenaldira neurketa guztiz irekita iritsi da (13-15). Chema Marquez eta Sergio de la Salud izan dira lehen zatiko jokalari erabakiorrenak, biek 4 gol gauzatu dituzte lehen 30 minutuetan.
Bigarren zatia bide beretik hasi da, bi taldeak kolpeak elkarbanatu dituzte, baina betiere, Bidasoak bi goleko aldea mantendu du (17-19, 39.minutuan). Ordea, Granollersek erreakzionatu du, bost minututan markagailua berdindu eta markagailuan aurretik jartzeko indarra izan du (21-19, 43.minutuan) 6-1eko partziala lortu ondoren. Jacobo Cuetarak hutsartea eskatu du erasoa eta defentsa orekatzeko, baina egoera hobetu beharrean okerrera egin du. Sergio de la Salud bi minutu kanporatu du epaileak eta Granollersek, Esteban Salinasen gidaritzapean (8 gol guztira), 4 goletara handitu du aldea. Cuetarak bigarren hutsarte bat eskatu behar izan du eta Bidasoak jokoan hobetu duen arren, Esteban Salinasek eta Chema Marquezek eta Borja Lancinak Granollesen abantaila ondo kudeatu dute. Bidasoak, ordea, ez du amorerik eman eta 13.garaipena lortzeko saiakeran jarraitu du, bost minuturen faltan, bi goletara hurbildu dira irundarrak (28-26). Bero-bero jarri da partidu amaiera, Bidasoak erasoak oso bizkor bukatu ditu; Granollersek, berriz, ahalik eta eraso luzeenak egiten saiatu dira eta Bidasoaren kalterako, azken saiakeretan asmatu du etxeko taldeak. Denborarik gabe, Bidasoak ezin izan du denboraldiko hirugarren porrota saihestu (30-29).