Espainiako txapeldunorde izan da Santiagotarrak emakumezkoen zortziko seniorrean

2016/06/28
Espainiako txapeldunorde izan da Santiagotarrak emakumezkoen zortziko seniorrean

Lorpen handia erdietsi du Santiagotarrak Kirol Elkarteko arraun sekzioak Banyolesen, ekainaren 24, 25 eta 26ko Espainiako Txapelketan. Emakumezkoen proba nagusian, zortziko seniorrean parte hartu du lehen aldiz, eta zilarrezko domina lortu du, gainera.

Mugaz gaindiko lankidetzaren emaitza izan da, Hendaiako Endaika elkartean, Donibane Lohizuneko Ur-Jokon eta Baionako Nauticon hazitako neskek parte hartu baitute, etxekoekin batera. Ondorengoek osatu dute eskifaia: Nerea Seijo, Jessica Berra, Elene Lopetegi, Garazi Lasarte, Aitzpea Gonzalez, Ane Marcos, Maitena Luc eta Alice Bourde. Elur Grijalba aritu da timonel lanean.

Gainera, Nerea Seijok eta Jessica Berrak brontzezko domina lortu dute senior mailako bikoan. Jubeniletan, Ana Marcosek eta Alice Bourdek urrezkoa jantzi dute. Jubenil mailan baita ere, baina banaka, Aitzpea Gonzalez bigarren izan da. Espainiako selekzioarekin entrenatzen gelditu da Gonzalez, nazioarteko txapelketetan parte hartzeko.