ESPAINIAKO ITZULIA IGANDERO EKITALDIAREN PROTAGONISTA

2022/08/18
ESPAINIAKO ITZULIA IGANDERO EKITALDIAREN PROTAGONISTA

Espainiako Itzuliaren bostgarren etapa Irundik abiatuko da, eta horren harira aste honetako Iganderoren protagonista izanen da

Datorren asteazkenean, abuztuaren 24ean, Espainiako Itzuliaren bostgarren etapa Irundik irtengo da Bilbon helmugaratzeko. Borja Olazabal Irungo kirol zinegotziak aipatu bezala, ekitaldi izugarria izanen da hau hirian eta horregatik, igandetik hasiko dira honi lotutako jarduerak. Hain zuzen ere, Udalak antolatzen duen aste honetako Igandero programak ekitaldi handi honekin zerikusia izanen du, eta hori bera aurkeztu zuten atzo Olazabalek, Edurne Izagirre Irunes Txirrindularitza Taldeko lehendakariak eta Kromosoma Tailerrak ekimeneko Alberto Mornoyk eta Eva Diaz de Islak.

Azken asteetan egin den moduan, igande honetan ere Udalak antolatutako Igandero programa ospatuko da Zabaltza Plazan. Oraingo honetan, Espainiako Itzuliarekin zerikusia izanen du, izan ere asteazkenean hasiko da gurean lasterketa honen bostgarren etapa. Irungo Udalak, Irunes Txirrindularitza Taldearekin eta Kromosoma Tailerrak-ekin batera, hainbat jarduera antolatu ditu goiz honetarako. Ekitaldiari 10:30ean emanen zaio hasiera eta 12:00etan ospatuko da ekintza nagusia. Irunes taldeko bi kotxeen laguntzaz, nahi duen guztiak Espainiako Itzuliko irteera egin ahal izanen du eta beraz, lasterketa handian parte hartzea zer den irudikatu. Gainera, Irunes taldearen eskutik ere, ginkana bat prestatuko dute plazan txirrindulariek beraien “trebetasuna eta ziurtasuna” landu dezaten bertan, Izagirrek azaldu zuen moduan.

Kromosoma Tailerrak ere hainbat jarduera antolatu ditu iganderako. Alberto Monroy kideak adierazi zuen moduan, birziklatze tailer bat antolatuko dute bizikleten piezak baliatuz eta hauei beste erabilpen ludiko bat emateko asmoarekin. Gainera, serigrafia tailer bat ere eginen dute eta bertan, hornidura-poltsak eginen dituzte. Tailer hauek doan izanen dira eta 11:00etatik 13:00etara ospatuko dira Zabaltza Plazan. Asteazkenean ere Udaletxeko plazan izanen dira.

Hau guztiaz gain, goizean zehar musika ere entzun ahal izango da plazan, hain zuzen ere Espainiako Itzuliko goiburu izan diren kantuak jarriko dituzte, eta podium bat irudikatuko dute nahi duen guztiak bertan argazkia atera dezan. Azkenik, Pasquierrek babestuta, txikienentzat bizikletan ibilbide bat eskainiko da, baita hamaiketakoa ere.