Eskura zuen garaipenari ihes egiten utzi dio Real Unionek

2019/01/13
Eskura zuen garaipenari ihes egiten utzi dio Real Unionek

REAL UNION: Tena, Urkizu, Aimar, Esnaola, Morcillo, Rodellar, Mikel Alonso (Juan Domínguez, 57'), Silas, Eneko Romo, Seguin, Saizar (Azkoiti, 77').

TRIVAL VALDERAS: Kike, Raul, Herrero, Mario, Galiano (Gomez, 80'), Cruz, Oscar, Noguera, Palacios (Mancera, 40'), Joaquin, Minguez (Jorge Felix, 72').

GOLAK: 1-0: Eneko Romo (27'). 1-1: Jorge Felix (88').

EPAILEA: Barbeira Juste (Asturias). Txartel horiak: Tena, Urkizu, Esnaola (x2) (Real Union); Kike, Mario, Joaquin, Minguez (Trival Valderas).

Puntu bakarra eskuratu du Real Unionek Trival Valderasen aurkakoan. Beste bi ere hurbil izan ditu, baina ez du neurketa hautsi, eta banakoa jaso du 88.minutuan. Lau jardunaldi daramatza dagoeneko talde txuribeltzak partidarik irabazi gabe. Hilabete osoa. Dena den, multzoan nagusi den berdintasunaren ondorioz, hiru puntura dauka oraindik Unionek liderra. Seigarren tokian dago, baina hiru talde ditu aurretik puntu bakar bat gehiagorekin.

Real Union ez dabil bere mailarik onenean. Hala ere, kontrolpean eduki du aurkaria norgehiagokaren zatirik handienean. Berdegunean ondo kokatu eta ordena ezarri ondoren, arriskua sortzen hasi dira txuribeltzak hogeigarren minututik aurrera. Urkizuk eman du lehen abisua jaurtiketa batekin. Mikel Alonsok eta Aimarrek gol aukera bana eduki dute ondoren kornerretan. Bultzadak saria izan du, eta 27.minutuan gola sartu du Eneko Romok. Seguinen erdiratzea urrundu dute, baina aldaratzean sarera bidali du baloia kapitainak. Atsedenaldira arte, nagusi izan dira irundarrak, gol aukera argirik sortu gabe.

Bigarren zatiak bi fase izan ditu. Lehenengoan, norgehiagoka erabakitzeko aukera izan du Real Unionek. Eneko Romo atezainaren aurrean gelditu da bakarrik, baina baselina urruntzea lortu du aurkariak. Ondoren, atezainak berak penaltia egin dio Silasi. Gaizka Saizarrek zutoinera bidali du baloia, eta norgehiagoka aldatu egin da aurrerantzean. 75.minutuan bigarren txartel horia jaso du Esnaolak. Hamar jokalarirekin, amaierara arte sufritzea egokitu zaio etxeko taldeari. Trival Valderas izan da baloiaren jabe azken txanpan. Unionek sendo eutsi dio, oro har, madrildarren ahaleginari. Baina 88.minutuan, Jorge Felixek jaurtiketa gogorra egin du arearen ertzetik, eta zutoiaren ondotik sartu da baloia. Norgehiagokan zehar urrun ikusi duen puntua eskuratu du Trival Valderasek.