Eskura zituen bi puntu galdu ditu Real Unionek
REAL UNION: Otaño, Urkizu, Esnaola, Aimar, Gayoso, Ekhi, Alonso (Arriaga, 76'), Estrada, Juan Domínguez, El Haddadi (Rodellar, 88'), Orbegozo (Galán, 71').
ARENAS: Txemi, Camus (Santamaría, 81'), Zumalakarregi, Luna, Royo, Uranda, Jordan (Cristóbal, 72'), Lozano, Dani López, Jonxa Vidal (Ontiveros, 60'), Luisma Villa.
GOLAK: 1-0: Jordan (21'); 1-1: Estrada (32'); 2-1: Galán (85'); 2-2: Luisma Villa (92').
EPAILEA: Leo Ollo. Txartel horiak: Esnaola, Orbegozo (Real Union); Royo, Jordan, Dani López (Arenas).
Puntu bakarra bildu du Real Unionek, Getxoko Arenasek Stadium Galera egindako bisitan. Amorrua ematen duten berdinketa horietako bat izan da, 92.minutuan iritsi baita bizkaitarren azken gola. Arenasek hartu du abantaila, 21.minutuan, Jordanen gol ederrarekin. Arearen eskuin aldetik egin du jaurtiketa, kanpotik, Otañoren atetik urrun. Aurreko jardunaldietan ez bezala, Unionek ez du behera egin, arerioak abantaila hartu arren. Hamar minutu beranduago, Dani Estradak banakoa egin du. Zarauztarrak ere oso urrutitik jo du baloia, erdiratzeko asmo handiagoarekin. Hala ere, baloiak sarean amaitu du. Santanaren kontrako oihuak baretu ditu Estradaren golak, nahiz eta gero bueltatu diren.
Bigarren zatian, joan-etorriko lehia bilakatu da partida, eta bi taldeek eduki dituzte abagune onak. 70.minututik aurrera, batez ere, kontraerasoen segida bizia eduki du Real Unionek. Hiru aldiz huts egin du El Haddadik, baina azkenekoan, Jorge Galán agertu da haren atzean, azken errematea egiteko. 2-1ekoa sartu du aurrelari nafarrak, 85.minutuan. Asier Santanak Rodellar zelairatu du, El Haddadiren ordez, abantailari eusteko asmoz. Luzapenean, alabaina, Luisma Villa Unioneko jokalari ohiak binakoa egin du, zutoinaren ondotik sartu den jaurtiketa gogor batekin.