Eskualdeko mendate nagusiak igaroko ditu Juanma Garate martxak

2018/06/05
IX.edizioa izango du Juanma Garate Zikloturista Martxak. Egonkortuz doa Irungo Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen proba. Bi ibilbide edukiko ditu aurten, 72km-koa laburra eta 122koa, luzea. Ekainaren 17an 8:00etan irtengo dira txirrindulari guztiak San Juan plazatik. Bezperan, Bizikleta Festa egongo da San Juanen bertan, 16:30etatik aurrera. Herri Spinning Maratoia eta haurrentzako gymkana.
Eskualdeko mendate nagusiak igaroko ditu Juanma Garate martxak

IX.edizioa izango du Juanma Garate Zikloturista Martxak. Egonkortuz doa Irungo Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen proba. Bi ibilbide edukiko ditu aurten, 72km-koa laburra eta 122koa, luzea. Ekainaren 17an 8:00etan irtengo dira txirrindulari guztiak San Juan plazatik. Bezperan, Bizikleta Festa egongo da San Juanen bertan, 16:30etatik aurrera. Herri Spinning Maratoia eta haurrentzako gymkana.

Behin baino gehiagotan aldatu izan du Irungo Txirrindulari Elkarteak Juanma Garate Zikloturista Martxaren ibilbidea. Aurten, kirol erronka eta paisaia “pizgarriak” bilatu nahi izan dituztela azpimarratu du Juanjo Garagarza I.T.E.ko presidenteak. “Bidasoko errepide bihurrietan zehar ibiliko dira parte hartzaileak. Horiek izan dira Juanma Garateren entrenamendu eremu, urtetan zehar”, azaldu du Garagarzak. Ibilbide luzeak 122km eta 2.480m-ko desnibela edukiko du. Laburrak, berriz, 72km eta 1.245m-ko desnibela.

“Bidasoko errepide bihurrietan zehar ibiliko dira parte hartzaileak”

Juanjo Garagarza, Irungo Txirrindulari Elkarteko Presidentea

Maiatzaren 17an izango da martxa, Sabiñanigon (Huesca) egiten den Quebrantahuesos zikloturista famatuaren aurreko astean. “Test bikaina izan daiteke”, adierazi du Juanjo Garagarzak. 8:00etan aterako dira parte hartzaile guztiak San Juan plazatik, Hondarribiko Higer itsasargira, berriro Irunera itzultzeko. Tarte horretan, klubeko haurrak ere egongo dira errepidean, martxako parte hartzaileekin batera. Azken horiek N-121 errepidea hartuko dute ondoren, Lesakara bidean. Agina, Aritxulegi eta Gurutze igoko dituzte, eta Olaberriako mendatetik, San Juan plazara itzuliko dira. Bertan amaituko da ibilbide laburra.

Ibilbide luzearekin ausartzen direnek Erlaitz, Arkale eta Jaizkibel gainditu beharko dituzte oraindik, San Juan plazako helmugara iritsi aurretik. Bi ibilbideetako edozeinetan edo spinning maratoian parte hartzeko, kirolprobak.com web gunean egin daitezke izen emateak. Ekainaren 1etik aurrera, federatuek 35 euro ordaindu beharko dute, 45, aldiz, federatuta ez daudenek. Spinning maratoiko izen-emateak 25 euro balio du. Martxako dortsalak eta maillotak Bizikleta Festan emango dituzte, ekainaren 16an San Juan Plazan, 17:30etatik 20:00etara.

“Garatek beti eskaintzen dizkigu bere babesa eta irudia, harrobiko txirrindularitza sustatzeko edozein jardueratarako”

Juanjo Garagarza, Irungo Txirrindulari Elkarteko Presidentea

Palmaresaz harago

Juanma Garate txirrindulari profesional ohiaren izena darama Irungo Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen martxak. Bidasoko harrobitik ateratako txirrindularien artean, palmares handiena duena da. Giroan, Tourrean eta Vueltan etapa garaipenak ditu, baita sailkapen orokor onak ere. Gaur egun, Ef-Drapac-Cannondale taldeko managerra da. Bere emaitzez harago, alabaina, klubari beti eskaini izan dion laguntza nabarmendu du Juanjo Garagarza Irungo Txirrindulari Elkarteko presidenteak: “Beti eskaintzen dizkigu bere babesa eta irudia, harrobiko txirrindularitza sustatzeko edozein jardueratarako”. Garateren ondoan bizikletan aritzeko abagunea edukiko dute martxan parte hartzen dutenek.