ESKUALDEKO MAHAI TENISAK ERE EKIN DIO DENBORALDIARI

2019/09/15
ESKUALDEKO MAHAI TENISAK ERE EKIN DIO DENBORALDIARI

Lekaenea klubeko gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak Champions Leagueko norgehiagokaren bitartez, denboraldi berriari ekin diote, biek ala biek porrotarekin

Iritsi zen Bidasoa eskualdeko mahai tenisa maite duten zaletuen eguna. Lekaenea Irun taldeak historiako Champions Leagueko lehen neurketa jokatu zuen aurreko ostegunean eta Sonia Etxazarreta Kirol Gunera 200 pertsona inguru bertaratu ziren egun historiko hura bizitzeko. Izan ere, oso talde gogorraren aurka estreinatzen zen txapelketa berri honetan, Champions Leagueko bostgarren talderik gogorrena den Post SV Mühlhausen 1951.

Aurreko urtean bezala, Lekaenea Irunen taldea Dani Palacios, Endika Diez eta Hampus Soderlundek osatu zuen, aurrean Lubomir Jancarik, Ovidiu Ionescu eta Steffan Mengel jokalari ikusgarriak izan zituzten. Soderlundek hasi zen Jancariken aurka lehiatzen, lehen set lehiatua kanpoko jokalariarentzat izan zen baina bigarrenean berdintzea lortu zuen Lakeneako jokalariak. Ordutik Jancarikek martxa berri bat sartu zuen eta ez zion aukerarik eman Soderlundi set gehiago lortzeko. Horrela, partiduko lehen puntua Mühlhausen talderentzat izan zen.

Endika Diez eta Steffan Mengel aritu ziren bigarren jokoan. Lehen seta borrokatua izan bazen ere, talde alemaniarraren jokalaria jaun eta jabe izan zen, eta berriro ere, jokoan zegoen puntua kanpoko taldearentzat izan zen.

Dani Palacios izan zen hirugarrena lehiatzen eta bere aurrean egungo Bikotekako Munduko Txapeldunordea izan zuen, Ovidiu Ionescu hainn zuzen. Oso indartsu hasi zen Palacion lanean eta ia lehen seta eskuratu zuen, baina Ionescu argi ibili zen eta 11-13 irabazi zuen. Bigarren setean, aukera gutxiago izan zituen jokalari irundarrak eta 5-13 galdu zuen, baina azken setean berriro ere gutxigatik jokalari errumaniarra ustekabean harrapatu zuen, baina azkar erreakzionatu zuen eta 10-12 galdu zuen.

Emaitzaz haratago, neurketa oso gogorra baina ikusgarria izan zen, 100 minutu inguru iraun zuen neurketa eta klubeko arduradunek aipatu duten antzera, “kirol honetan lanean daramagun 30 urte hauteko mahai tenisaaren mailarik onena ikusteko aukera izan genuen ostegunean”.

Emakumezkoen taldeak ere porrota Forschbergen aurrean 

Gizonezkoek ostegunean jokatu bazuten, igandean emakumezkoen taldearen txanda izan zen. Hauek ere Champions Leagueko jardunaldiarekin estreinatu zuten denboraldia, talde gogor baten etxean jokatzen zuten, txapelketako bigarren talderik gogorrena den Linz AG Forschberg.

Emakumezkoen taldeak berrikuntzak zituen bere hirukotean. Espainiako selekzioarekin ohikoa den Maria Xiao eta Roxana Iamandi eraman zituen lehen neurketa hau jokatzeko Lin Chia-Chihrekin batera. Lin bera izan zen lehena jokatzen, aurrean Sofia Polcanova zuen, 2018ko Europako Txapelketako brontzezko domina eskuratu zuen jokalaria. Kikildu ezean, lehen bi setak Linentzat izan ziren, baina munduko 16.jokalari onenak jokoa berdintzea lortu zuen. Azken setean, Linek sorpresa eman zuen Polcanova mendean hartuz eta lehen puntua irundarren kasileroan jarrita. 

Puntu bikaina izan zen, baina tamalez, eguneko puntu bakarra izan zen, izan ere, hurrengo hiru puntuak Forschberg taldeak erdietsi zituen. Maria Xiao izan zen bigarrena lehiatzen eta Yi Hamamotoren aurka aritu zen. Etxeko taldeak bai ala bai joko honetan puntua lortu behar zuen eta Hamamotok ez zion Xiaori aukerarik eman. 11-2, 11-6 eta 11-7 irabazi zion Lekaeneako jokalariari eta markagailuan 1-1eko berdinketa ezarri zuen.

Neurketako hirugarren jokoan Roxana Iamandik ere galdu egin zuen Linda Bergström aurrean. 11-6, 11-8 eta 11-8 galdu zuen aurreko urtean Lekaeneak fitxatutako jokalariak baina aurten estreinekoz aritu dena. Markagailuan 2-1ekoarekin, Maria Xiaok Polcanovaren aurka neurketa berdintzea saiatu zen, baina berriro ere, talde austriarreko jokalaria gehiago izan zen. Beraz, Lekaeneako emakumezko taldearen Champions Leagueko lehen neurketa 3-1eko porrotarekin bukatu zen.