Eskolen arteko errugbi jardunaldia ospatuko dute Plaiaundin apirilaren 26an

2025/04/16
Txingudi Rugby Klubak hirugarren aldiz antolatu du Biok Experimental Shopping Txingudi Badia Errugbi eskolen topaketa eta apirilaren 26an ospatuko da. Guztira, Plaiaundin, 300 jokalari inguru bilduko direla aurreikusi dute.
Eskolen arteko errugbi jardunaldia ospatuko dute Plaiaundin apirilaren 26an
Gari Mendizabal

Eskualdeko errugbi taldeen topaketa eginen dute hirugarren urtez segidan, heldu den apirilaren 26an Plaiaundin. 10, 12 eta 14 urtez azpiko taldeak elkartuko dira bertan, norgehiagoka desberdinak jokatzeko eta errugbiaz gozatzeko. Guztira, 300 jokalari inguru bilduko direla jakinarazi dute Txingudi Rugby Klub talde antolatzailetik. 

Txingudi, Baztan, Orereta, Saint-Jean-de-Luz Olympique, Rioja, Sarako Izarra, Saint-Pée UC, SA Mauléon, Universitario Bilbao eta Emak Hor Arrangoitze-Basusarri klubetako talde ezberdinak lehian izanen dira Plaiaundiko berdegunean pazko asteko larunbatean.

Jokatzen lehenak 10 eta 12 urtez azpiko taldeak izanen dira, 10:30etik 13:00etara. Lehen hauek hirugarren denbora dastatzen duten bitartean, 14 urtez azpiko taldeen norgehiagokak ikusi ahal izanen dituzte, 14:30etik 17:00etara. Azken hauek lehen aldiz arituko dira topaketa honetan.

Txapelketaren helburua ondo pasatzea denez, ez da lehiakorra izanen, partaide guztiek domina eta Artiach eta Aneto babesleek emandako produktuak jasoko dituzte eta, gainera, errugbiaren balioekiko aparteko jarrera erakusten duten jokalariek sari berezia izanen dute.

Partidak jokatzen diren bitartean, Txingudiren merchandisinga ere erosi ahalko da, Plaiaundiko tabernaren inguruan eta, goizean zehar, Oiasso txarangako kideek musikaz lagunduko dute ekitaldia.

Klubetik azpimarratu dutenez, “denboraldiko topaketarik garrantzitsuena bilakatzen ari da txapelketa hau. Aurten talde berriak etorriko dira gurera errugbiaz gozatzera eta oso pozik gaude horregatik.”

Pazko asteko ludotekara izen-ematea, irekia oraindik

Klubetik jakinarazi dutenez, Pazko asterako antolatu dituzten ekintzetara izena eman daiteke oraindik. Ekintzak Plaiaundin eginen dira apirilaren 22tik 25era, 9:00etatik 13:00etara. Informazio osoa info@txingudirugbyclub.eus helbide elektronikoan eta 688745362 telefonoan aurki daiteke.