ERRUGBIAZ GOZATZEKO AUKERA EGONEN DA LARUNBATEAN PLAIAUNDIN

2023/02/09
ERRUGBIAZ GOZATZEKO AUKERA EGONEN DA LARUNBATEAN PLAIAUNDIN

Txingudi Rugby Klubak, gainera, Eki Fanlori babesa eskaini nahi dio eta taldeko beteranoak ere omenduko ditu martxoan

Errugbia Plaiaundira itzuliko da asteburu honetan. Hain zuzen ere, bertan arituko dira larunbatean (otsailak 11) Txingudi Rugby Klubeko 18 eta 16 urtez azpiko taldeak. 14 urtez azpikoek berriz, Gipuzkoako selekzioarekin entrenamendua izanen dute eta errugbi eskolakoek azkenik, Ordizian izanen dira igandean jardunaldi bat ospatzen.

Txingudi Rugby Klubeko 18 eta 16 urtez azpiko taldeek Euskal Ligako bigarren faseri ekinen diote asteburu honetan, larunbatean hain zuzen ere. Hasteko, 16 urtez azpikoek Bera Bera/Baztan taldea jasoko dute Plaiaundin, 10:30ean. Honen ondotik, 18 urtez azpikoek, Uribealdearekin batera, Iruña taldearen kontra arituko dira.

Bertzalde, 14 urtez azpikoek Gipuzkoako selekzioarekin entrenamendua izanen dute Hernanin, larunbatean ere, 10:00etatik aitzinera. Azkenik, errugbi eskolako neska-mutilak Ordiziara joanen dira igandean, kasu honetan, eta bertan, Lasarte-Oriako Beltzak, Zarautz, Arrasate eta etxeko taldeen kontra jardunaldia jokatuko dute, 10:00etan.

Eki Fanlo Irundarron Sarirako nominatua

Txingudi Rugby Klubak Eki Fanlori euren babesa emateko aprobetxatu nahi izan du asteburu honetarako egin duen atarikoa. Izan ere, Fanlo, Nazioarteko errugbi epailea, Irundarron Saria jasotzeko nominatua izan da. Sari honen irabazlea irundarrek erabakitzen dute herri bozketa bidez, eta Txingudik epaileari bozka ematera animatu nahi izan ditu hiriko errugbizaleak. Fanlo 2022ko Munduko Txapelketan epaile izateagatik nominatu dute eta berriki ere, Espainiako Superkopako finalean epaile izan da, Santboianak eta El Salvadorrek euren artean jokatutako partiduan hain zuzen ere. Klubetik adierazi dutenez, “apartekoa da azken urteetan Eki egiten ari den lana eta, hain zuzen ere, pasa den urtean zazpiko errugbiko Munduko txapelketan eta denboraldia zehar jokatzen diren serietan jardun da. Irungo izena mundu mailako errugbian kokatu du bere lanarekin”. Bozka emateko azken eguna otsailaren 10a izanen da eta Irungo Udalaren webgunean eman beharko da.

Klubeko beteranoei omenaldia

Irungo klubak beteranoei omenaldi bat eskainiko dietela ere jakinarazi du. Ekitaldia martxoaren 4ean izanen da eta horretarako, zenbait jarduera antolatu dituzte egunean zehar. Plaiaundin emanen diote hasiera egunari, 11:00etan, eta “tokata”-n arituko dira, plakaje gabeko partida bat, alegia. Honen ondotik, hirugarren denbora eskainiko dute 5 euroen truke gerturatzen diren guztientzat.

Eguerdian, bazkaria eginen dute Gabiria jatetxean. Txartelak 20 euroan daude salgai eta hauek eskuratzeko 678 616 475 telefonora deitu beharko da. Horretarako azken eguna otsailaren 20a izanen da. Eguna bukatzeko, 20:00etatik aitzinera, poteo herrikoia eginen dute Txingudi Rugby Tabernan.

(Argazkia: Gardi Mendizabal)