ERRUGBIA PLAIAUNDIRA BUELTATUKO DA ASTEBURUAN

2023/09/14
ERRUGBIA PLAIAUNDIRA BUELTATUKO DA ASTEBURUAN

Senior mailako taldeak Atletico San Sebastianen kontra jokatuko du, etxean, Jose Luis Peña “Toci” Kopa

Orain dela hilabete bat hasi zituztela prestaketak Plaiaundiko zelaian, eta dagoeneko ailegatu zaie horien fruituak erakusteko tenorea. Txingudi Errugbi Klubeko senior mailako gizonezkoak larunbat honetan arituko dira etxean, Jose Luis Peña “Toci” Kopa, Atletico San Sebastian taldearen kontra.

Iñigo Camareroren mutilek denboraldiko igoerako play-offean jokatu zuten azken aldiz donostiarren kontra. Orduan, aurkaria izan zen garaile, 8-55eko markagailuarekin. Oraingoan aldiz, garaipena eskuratzera aterako dira zelaira bidasotarrak, etxeko zaleen aitzinean ikuskizuna eman nahiko baitute, larunbat honetan (irailak 16), 16:00etan.

18 eta 16 urtez azpikoen hitzorduak

Gazteen taldeak berriz, etxetik kanpo arituko dira asteburu honetan. 18 urtez azpikoak Zarautzen egonen dira, aurten Bera Bera-rekin sortu duten taldearekin. Aurkaria Zarautz izanen da beraz, larunbatean ere, 16:30ean.

16 urtez azpikoek ere entrenamendu berezi bat ospatuko dute, larunbatean, 12:15ean. Txingudi-Baztanek osatutako taldea Ordiziako Altamiran elkartuko da, Goierriko taldearekin eta Valladolideko El Salvador taldearekin. Azken hauek Espainiako seigarren sailkatuak izan ziren pasa den denboraldian, eta estatuko harrobirik indartsuenen artean dago. Ikasteko eta esperientzia bereganatzeko, aukera paregabea izanen da beraz, bidasotarrentzat.

Aritz Arrieta eta Ewan Little Euskadiko selekzioarekin

Euskadiko selekzioan ere ordezkaritza izan du Txingudi Errugbi Klubak. Izan ere, pasa den astelehenean (irailaren 11n), mugakoen taldeko bi jokalari izan dira, Zarautzen, 16 urtez azpiko Euskadiko selekzioaren topaketan.

Argazkia: F. de la Hera