Erronka handia onartu du Jose Luis Riberak
Jose Luis Ribera 52 urteko azkoitiarrak hartuko du Real Unionen Asier Santana ordezkatzeko ardura. Realeko, Burgoseko eta Coruñako Deportivoko jokalari ohia, entrenatzaile lanetan aritu da Antiguokon, Lagun Onak-en, Eibarren eta Sestao Riverren, besteak beste. Lotinarekin bigarren entrenatzaile izan zen Realean, Deporren eta Villarealen. Eta azken urteotan, analista lanetan aritu da Valladoliden eta Deportivon.
Real Unionek hartutako norabidea zuzentzen ahaleginduko da Ribera, eta lan gogorra du, lur jota baitago taldea. Egoera ez da kritikoa, sei puntuko aldea baitute txuribeltzek jaitsiera postuekiko. Baina zazpi porrot daramatzate azken bederatzi jardunaldietan. Azkenekoan, Mirandesen mende aritu zen Union Stadium Galen (0-3). Lehen hogei minutuetan egon ziren txuribeltzak gorrien mailan, kokapenari eta ordenari dagokionez.
Mirandesek neurketari abiada handiagoa eman zionean, erraz topatu zituen Unionen ahultasunak. Ondo aprobetxatu zituen etxekoen huts egiteak, eta hiru gol egin zizkien. Gehiegi estutzeko beharrik gabe, garaipen erosoa lortu zuen multzoko lider indartsuak. Aldaketa handia behar du Real Unionek, arazo larrietan sartzea ekiditeko.