ERROIBIDEK DENBORALDIA GARAIPENAREKIN HASI DU

2020/10/19
ERROIBIDEK DENBORALDIA GARAIPENAREKIN HASI DU
Mekalki Aloñamendi 33
49 C.B. Erroibide

Defentsako lanetan oinarrituta, denboraldiko lehen garaipena Oñatiko Mekalki Aloñamendiren aurka erdietsi dute (33-49)

Hilabete askoren ondoren, Erroibideren 2.Maila Nazionaleko Senior taldeak denboraldia hasi du. Denboraldi arraro, zaila eta behintzat, hasteko aukera izan dutena. Protokolo asko jarraitu behar dituzte, jokalariek eta neurketetara bertaratzen diren jarraitzaileek, baina garrantzitsuena, baloia airean jartzeko aukera izan dutela da.

Hasierak ez dira inoiz errazak izaten, are gutxiago talde batek aurreko denboraldiko plantilaren %50-a berritzen badu eta lehen neurketa etxetik kanpo jokatzen badute. Denboraldi-aurrea ez da egokiena izan, baina, azken bi asteak ondo entrenatzeko aukera izan dugu, kalitateari eta jokalari kopuruari dagokionez.

Bi taldeek euren erritmoa inposatzeko helburuarekin ekin diote neurketari. Erroibidek defentsa gogorra burutu nahi zuen trantsizio azkarren bidez erasoan saskiratze errazak lortzeko; hala ere, hastapenetik argi geratu zen Erroibideko jokalariek ez zutela saskiari begira egunik onena izango. Defentsan zentratu dira Sergio Martinen mutila eta Aloñamendiri sarrerak egiteko bideak primeran itxi dituzte; etxekoek jaurtiketen bidez soilik lortu dituzte saskiratzeak. Lehen laurdena aurrera egin ahala, irundarrek aurrera egin zuten markagailuan pibote lanetan aritzen diren jokalariei esker (7-15).

Bigarren laurdeneko gidoia berdina izan zen. Erroibideren defentsak eta etxeko taldearen saskiratze errazak lortzeko ezintasunak irundarrek zuten abantaila handitzeko ahalbidetu dute (8-21). Une honetatik aurrera, neurketa aldatu egin da. Erroibidek defentsako intentsitatea puntu bat jeitsi zuen eta etxekoek aldea murrizten hasi ziren; izan ere, saskiari begira aukera errazagoak izan zituzten. Atsedenaldira, Erroibidek 10 puntuko aldearekin agintzen iritsi da, jakitun izanik aldea handitzeko aukerak galdu zituztela (17-27).

Atsedenaldiaren osteko ideia partidua haustearena zen, baina plana ez da behar bezala atera. Defentsa ondo kokatu da Erroibide, baina erasoan hutsek eragin handia izan dute Aloñamendik neurketa berdintzeko (27-27). Defentsaren bidez talde irundarrak erreakzionatu du, intentsitatea igo dute arerioa itotzeraino. Defentsa onen inertziak erasoan baloia hobe mugitzea erakarri du eta hirugarren laurdenaren amaieran, galdutako aldea berreskuratu du Erroibidek (31-40).

Azken laurdenean bi taldeek ez dute oso joko erakargarria egin, behintzat erasoko lanari dagokionean. Hori bai, Erroibideren defentsa intentsitate berdinarekin jarraitu du eta uztailari begira gehiagotan asmatu dute. Egiari zor, saskiraketa erraz asko huts egin dituzte Erroibideko jokalariek, baina kanpoko jaurtiketetan hobe aritu dira. Azkenean, partiduko abantaila nagusienarekin bukatu da neurketa (33-49). Asko hobetzeko sentsazioarekin itzuli dira irunera, baita konfiantzaz beterik denboraldi berriko lehen garaipenarekin ere.