Erakustaldia eman du Bidasoak Artalekun

2019/01/08
Erakustaldia eman du Bidasoak Artalekun

BIDASOA-IRUN: Zubiria, Cavero (2), Trkulja, Vazquez (1), Crowley (8), Revin (1), Iriarte (3), Zildzic (1), Dejanovic, Gimeno (3), Muiña (6), Fuentes (3), Alzaga (1), Azkue (5).

ATLéTICO VALLADOLID: Gutiérrez, Grossi (4), Triana (2), Turrado, De la Rubia (2), Daniel Perez (5), Hernandez (5), Cabada, Rasero (1), Cesar Perez, Delgado, Roberto Perez (3), Matias, Quintanilla (1), Egea (2).

MARKAGAILUA: 2-2, 6-4, 9-4, 13-5, 15-6, 18-9 (atsedenaldia); 22-10, 24-12, 26-15, 30-19, 32-21, 35-25.

Sailkapeneko bigarrena den Valladolid desitxuratu du Bidasoa-Irunek Artaleku kiroldegian. Lehen hogeita hamar minutuak aski izan ditu Irungo taldeak neurketa erabakita uzteko. Sekulako lana egin du defentsan, Valladoliden jokoa oztopatuz, eta baloia etengabe lapurtuz. Ia hamar minutu egin ditu Bidasoak golik jaso gabe. 6-4tik 13-4ra egin du markagailuak denbora tarte horretan. Hutsartea eskatu duen arren, kanpoko entrenatzaileak ez du defentsa irundarra gainditzeko modua aurkitu. Bidasoak eraginkor jarraitu du erasoan, eta 18-9ko abantaila esanguratsua lortu du atsedenaldirako.

Emoziorik ez da izan bigarren zatian. Valladoliden itxaropen apurra ezabatu du Bidasoak 5.minuturako (22-10). Kontraerasoan sarraskia eragin dio talde gaztelarrari. Ordu laurdena falta zenean, hamar goleko abantaila zeukan Bidasoak (26-16). Hortik aurrera, intentsitateak behera egin du nabarmen, eta gol trukaketa huts bilakatu da neurketa. Nagusitasun irudia eman du Bidasoak Artalekun. Taldea hazi egin da, sendotasuna lortu du, eta konfiantzaz gainezka dago momentu honetan. Play-off postuetatik puntu bakarrera bukatu dezake jardunaldia.