Erakustaldia eman du Bengoetxeak Uranzun
MTZ. DE IRUJO-BARRIOLA 11-22 BENGOETXEA VI-UNTORIA
Finalerdietako ligaxka jokatzeko azken txartela eskuratu zuten Irungo Uranzu pilotalekuan Oinatz Bengoetxeak eta Aretxabaletaren ordez ari den Alvaro Untoriak. Erronka zaila zuten aurrean, Juan Martínez de Irujo eta Abel Barriola txapeldunak 17tik behera utzi behar zituztelako. Irabaztea ez zen aski. Hori dela eta, oldarkor aritu ziren Untoria, eta batez ere, Bengoetxea. Piloten inguruko kexak alde batera utzi, eta bikain aritu zen kantxan. Ausardia erakusteaz gain, maila handia eman zuen aurreko koadroetan. Leitzarrak atzelariaren lana azpimarratu zuen partidaren ondoren, baina bera izan zen protagonista.
Hamaika tanto besterik ezin izan zituzten egin joan den urteko txapeldunek. Barriolak ohiko segurtasuna eduki zuen, baina ez zen Untoria menderatzeko gai izan. Irujok gerrialdeko lesioaren ondorioak jasan zituen, eta ez zuen mailarik onena eman. Txapelketatik kanpo gelditu da faboritoen zerrendan agertzen zen beste bikote bat. Aimar Olaizolak eta Beroizek ere bukatu dute aurtengo eskuz binakako txapelketako ibilbidea. Uranzuko erakustaldiaren ondoren, zerrenda horretan sar daitezke Bengoetxea eta Aretxabaleta. Ondorengoak izango dira finalerdietako ligaxka jokatuko duten beste hiru bikoteak: Berasaluze II-Zubieta, Ezkurdia-Zabaleta eta Artola Albisu.