ENEKO ROMOK EZ DU KIROL ZUZENDARI BEZALA JARRAITUKO
Real Union klubak atzo argitara eman zuen orain arte Kirol Zuzendaritzaren ardura zuen Eneko Romoren dimisioa onartzen duela
Udara zaila izaten ari da Real Unionen bulegoetan. 2019-2020 denboraldia prestatzea ez da gauza erraza izaten ari, badirudi berdeguneko errendimendu txarrak ere bulegoetan eragina izan duela. Atzo bertan bildu zen Real Unioneko zuzendaritza eta bi albiste nagusi adierazi zituzten.
Batetik Eneko Romok kirol zuzendari gisa jarraituko ez duela ofizializatu zuten. Klubak urte luze hauetan kirolari zein kirol zuzendari bezala egindako lana eskertzen dio eta berak aurkeztutako dimisioa onartzen du, etorkizunean elkarrekin lan egiteko ateak irikiz.
Bestetik, Alberto Iturralde datorren denboraldiko entrenatzailea berretsi zuten. Herriak eta taldeak behar duen proiektu ilusionantea sortzeko ahalmena duela deritzo klubak, eta horregatik datorren urtean entrenatzaile añorgarrak talde txuribeltzen prestatzailea izaten jarraituko du.