Eneko Beldarrain: «Kirolak mundu hobea eraikitzeko balio duela erakutsi dugu 25 urteotan»

2025/02/07
Sport Mundi erakundeak bere 25. urteurrena ospatuko du otsailaren 8an, 18:00tan, Hondarribiko Itsas Etxean. Bidasoaldetik mundura makina bat kirol ekimen solidario antolatu ditu mende laurden honetan, eta dagoeneko 1,2 milioi euro inguru bideratu dituzte 50 gobernuz kanpoko erakunde eta elkarte sozialen proiektuak laguntzeko.
Eneko Beldarrain: «Kirolak mundu hobea eraikitzeko balio duela erakutsi dugu 25 urteotan»

"Pertsonak. Baloreak. Kirola" da Sport Mundi erakundearen leloa. Kirola osasuna zaintzeko, lehiarako edota norbere burua hobetzeko baliagarria izateaz gain, mundu hobeago bat eraikitzen laguntzeko balio dezakeela erakusteko erronka onartu zuten duela 25 urte. Eta heldu den larunbatean (18:00) elkarte honen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu dute Hondarribiko Itsas Etxean, ate zabalik. Eneko Beldarrain, Sport Mundiko kideak Hondarribiko Hondartza kiroldegian daukaten egoitzan harrera egin digu, atzera begiratu eta erakundeak orain arte egin duen guztia balioan jarri nahian. 

Bidasoaldean Hondarribiko San Silbestre herrikoia edota Beñat Elzoren omenez azaroan antolatzen duten mendi-lasterketa solidarioagatik ezaguna dugu erakundea. Baina Beldarrainek azpimarratzen duenez, Hondarribitik abiatuta nazioartean eragiten duen eragilea da. Txema Olazabal golfari hondarribiar ospetsuaren eskutik sortu zen Sport Mundi, eta boluntario askoren lanari esker, «eritasun arraroen ikerketa edota egoera zaurgarrian dauden haur eta emakumeen aldeko hamaika ekimenez gain, Etiopian, Nepalen, Indian eta munduko leku askotan lan egiten duten 50 Gobernuz Kanpoko Erakunderen proiektuak lagundu ditu urteotan guztiotan».

Beldarrainek dioenez, urteurrena zela eta kontuak egiten ibili dira, eta mende laurdenean antolatutako ekimenetan 1,2 milioi euro inguru jaso dituzte kooperazio eta hirugarren sektoreko eragileen proiektuak laguntzeko. «Kopurua handitzen joan da pixkanaka, eta denbora asko pasa da, baina atzera begiratu eta harrigarria dirudi kirolaren bitartez zenbat on egin ahal izan dugun», dio Sport Mundiko kideak.

Kirolari ospetsu askoren laguntza

Urrutira joan gabe, 2024an Hondarribiko San Silbestrea eta Beñat Elzo lasterketari esker 42.924 euro bildu dituzte ADELES Gipuzkoa (lupus gaixoen elkartea) laguntzeko. Aurreko urteetan, aldiz, alboko esklerosi amiotrofikoaren gaixoen eta haien senideen Gipuzkoako ELA erakundea ere lagundu izan dute. Horrekin bat egin zuen gaixotasun degeneratibo hau pairatzen duen Juan Carlos Unzue futbolari ohiak, ekintza solidarioa ikusarazteko. Eta ez da kirola eta kultura munduko izen sonatu bakarra izan Sport Mundirekin bat egin duena mende laurden honetan. 

Nazioarteko golf txapelketa bat antolatzen dute Txema Olazabalek eta Rafael Nadalek, eta «aurten Portugalen antolatu duguna Valentziako Danaren biktimak laguntzeko 25.000 euro lortu ditugu», kontatu digu Beldarrainek, «Carlos Sainz pilotua, Andoni Zubizarreta atezaina, Pep Guardiola entrenatzailea edo Juan Antonio Corbalan Real Madrileko saskibaloi jokalariak ere parte hartu dute gurekin hainbat ekimen solidariotan». Kultur arloan ere urratsak egin dituzte. Martin Berasategi sukaldariarekin edota Vicente Ferrer Fundazioaren alde 2020ean Chillida Lekun egindako ekimen batean, adibidez. 

Urteurreneko ospakizuna Itsas Etxean

Larunbatean Itsas Etxean ospatuko duten urteurreneko ekitaldia horren irudiko izango da. Corbalan bera bertan izango da, baita Txema Olazabal, Izaskun Aranburu piraguista edota kiroletan Asturiaseko Printzesa Saria jaso duen Teresa Perales igerilaria ere. Haiekin batera, mende laurden honetan bidelagun izan dituzten 50 GKEetako ordezkariak ere gonbidatu dituzte.

Gehiegi dira lerro hauetan zerrendatzeko. Baina gorago aipatutakoez gain, Save the Children, Vicente Ferrer Fundazioa, ACNUR-UNHCR, Caritas, Gurutze Gorria, Zaporeak, Denon Osasunaren Alde dira horietariko batzuk. Hain justu Pilar Kaltzada, Save the Children erakundeko presidentea edota Ynes Pedraz Delgado, ACNUR-UNHCR Euskal Batzordeko ordezkariak parte hartuko dute ekitaldian. Beldarrainek aurreratu digunez, 25 urteotako ibilbidea gogora ekartzeko bideoek eta hitzartzeek osatuko dute ekitaldia, eta haien historiaren parte izan diren edo hau ezagutu nahi duen oro gonbidatua dago Itsas Etxera.