ENDIKA DIEZ ESPAINIAKO TXAPELDUN
Granadan Espainiako Txapelketa eta emakumezkoen Erreginaren Kopa ospatu zen eta Lekaeneak izugarrizko emaitzak eskuratu zituen: Endika Diez txapeldun bilakatu zen, eta emakumezkoen taldea brontzezko domina eskuratu zuen
Espainiako Txapelketako bakarkako lehiaketan Lekaenea Mahai Tenis klubeko Endika Diez eta Dani Palaciosek hartu zuten parte. Biek lehen fasea aise gainditu zuten lehen bi neurketak irabaziz eta bigarren fasera igaro ziren. Koadro finalean, Endikak 4-1 garaitu zuen Muñoz eta final laurdenetan bere lagun eta kide Dani Palaciosen aurka aritu zen.
Entrenamendu asko egin dituzte biek elkarrekin, oso ondo ezagutzen dira, horregatik neurketa oso gogorra izan zen eta partida bost jokoetara joan zen. Endikak esperientzia gehiagorekin, final erdietara igaro zen eta bete-betean dominak eskuratzeko lehian sartu zen. Moises Alvarez izan zen arerioa final erdietan, oso gogorra izan zen neurketa hau ere, baina beste behin garaipena eskuratu zuen Endika Diezek (4-3).
Endikak ordura arte ez zuen Espainiako Txapelketan urrezko dominik; 2012 eta 2015 urtean zilarrezko domina eskuratu zuen eta 2013, 2014 eta 2016 urteetan brontzezkoa. Seigarren saiakeran iritsi zen urrezko domina, 3-0 aurreratu zen, 3-3 berdindu zuen arerioak eta azken setean garaipen historikoa lortu zuen.
Brontzezkoa emakumezko taldearentzat
Larunbateko emozioarekin, igandean emakumezko taldearen txanda iritsi zen. Lekaenea zuzenean final laurdenetan sartu zen eta aise, 3-0, Tramuntana Figueres taldea garaitu zuten Maria Xiao, Roxana Iamendi eta Lin Chia-Chihren puntuen bitartez. Finalerdian ASSA Alicanteren aurka jokatu zuten hirukote berdinarekin, baina kasu honetan, 3-1 galdu zuten. Ez zuten domina potoloago bat eskuratzeko aukera izan, baina gustu handiz, brontzezkoarekin bueltatu ziren Irunera.