EMEKI ELKARTEAK EMAKUMEEN LASTERKETA ANTOLATU DU LEHEN ALDIZ AZAROAREN 25ERAKO
Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren aurkako egunaren baitan, 5 kilometroko lasterketa bat antolatu du Emekik Hondarribian
Emakumeak Korrika lasterketa antolatu du aurten lehen aldiz Hondarribiako Emeki Emakume Elkarteak. 5 kilometroko ibilbidea izanen du eta oinez edo korrika egiteko aukera egonen da. Izen ematea irekia dago jada eta lasterketaren kamiseta ere eskuratu ahal izanen da, 10 euroen truke.
Emeki Emakume Elkartek, Azaroaren 25aren harira, Emakumeak Korrika lasterketa antolatu du lehen aldiz. Eraso sexisten kontra aterako dira Hondarribiako eta eskualdeko emakumeak kalera eta elkarrekin, oinez edo lasterka, ibilbidea osatuko dute, “elkarrekin indartsuak garelako” antolatzaileek erran dutenez.
Elkartearen egoitzatik aterako da lasterketa. Ibilbidea oinez osatu behar dutenek 10:30ean izanen dute irteera, eta lasterka egin behar dutenek berriz, 11:00etan. Denek 5 kilometro eginen dituzte eta bertan parte hartzeko izen ematea dagoeneko irekia dago esteka honetan: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSfBtJrfqLtykl62rKw6F9MoHjoPHHoW0UX3JRQgVS8czZJFQg/viewform. Orain arte 50 bat emakumek eman dute izena, baina elkartetik 200 bat korrikalari egotea espero dute. Giro ederraz gozatzeko aukera izanen dela argitu dute, eta emakumeek euren arteko harremanak sendotzeko aukera izanen dutela.
Kamisetak ere egin dituzte egun horretarako eta horiek ere eskuratu ahal dira, 10 euroen truke, izena ematerako orduan. Kamiseta eskuratzeko ezinbertzekoa izanen da elkartearen kontu korrontean dirua sartzea: ES07 2095 5039 91 1061517701 (Kutxabank). Horrez gain, informazio gehiago eskatzeko edota zalantzak argitzeko, helbide elektroniko bat jarri dute eskuragarri: emekiemakumelkartea@gmail.com.