Emandako mailak porrotaren mina leundu dio Hendaiari
HENDAIA: Chaudière – Danjou, L. Mondela, Gaillardet, Sallaber – Bainçonau, Azpeitia – Labéguerie, Lagenèbre, Sallenave – Vial, Zubizarreta – Hiriart, Berho, Larribe.
Aldaketak: S. eta F. Ibarburu, Dudicourt, Ezpeleta, Jaubert, Laurent.
CASTELSARRASIN: Gendre – Barres, Rachou, Pignol, Limbert – Cortes, Begue - Gorcioaia, Clermont, Puigmal - Benac, Farner - Kouhati, Bournaleau, Bousignac. Aldaketak: Lavergne, D’Antona, Viguie, De-Remond, Laborie, Crubile, Kapanadze.
Norgehiagoka ikusgarria hartu zuen igandean Ondarraitzek. Fédérale 2ko seigarren multzoko liderrak egin zion bisita Hendaiari. Talde indartsua da Castelsarrasin, Fédérale 1era igotzeko hautagai argia. Baina xuriek aurre egin zioten, denboraldiko neurketarik onenean. Maila handiko errugbia jokatu zuten taldeek, eta bi puntuko aldeak erabaki zuen lehia. “Hendaiak ere irabazi ahal izan du, guk bezalaxe”, onartu zuen amaieran Alain David Castelsarrasin taldeko entrenatzaileak. Bi taldeen arteko oreka irudikatzen du esaldiak.
Porrotarekin, lidergoa berreskuratzeko aukera galdu du Hendaiak. Ez hori bakarrik, Ondarraitzeko menderaezintasuna ere amaitu da. 2014ko apirilaz geroztik egon dira bidasoarrak etxean galdu gabe. Castelsarrasinek apurtu du segida hori. Abantaila handitu du liderrak, eta bigarren posturako lehia bizian utzi ditu Hendaia eta Donibane Lohizune bizilagunak.