Emakumeen trainerua berreskuratuko du Hondarribiak

2016/01/14
Emakumeen trainerua berreskuratuko du Hondarribiak

Zaila da arraun elkarteentzat emakumeen traineruak ateratzea. Zumaiak eta Oiartzungo Itsaslapurrek dagoeneko jakinarazi dute 2016an klubeko neskek ez dutela trainerurik izango. Hondarribia Arraun Elkarteak, berriz, lortu du taldea osatzea, eta nesken trainerua ureratuko du aurten. Hamabost arraunlariko taldearekin lan egiten ari da Joserra Oiarzabal entrenatzailea, eta beste bizpahiru neska falta zaizkiola onartu du.

Hondarribiko aurreko emakumeen trainerutik neska bakarra gelditzen da. Gainerako guztiak hasiberriak izango dira traineruan. Batzuek irailan hartu zuten arrauna lehen aldiz. Esperientzia falta duten arren, gogor entrenatzen ari dira, udaran maila eman ahal izateko. Hondarribiko eta Irungo neskak daude taldean, baina baita Bortzirietakoak eta Oarsoaldekoak ere.