EMAKUMEEN ERRELEBO MOTZAK GIPUZKOAKO ERREKORRA LORTU ZUEN

2023/05/31
EMAKUMEEN ERRELEBO MOTZAK GIPUZKOAKO ERREKORRA LORTU ZUEN

Beñat Miquelarenak ere Gipuzkoako errekorra egin zuen 20 urtez azpiko 100 metroko lasterketan

Gipuzkoako Txapelketa ospatu zen pasa den larunbatean Anoetako estadioan. Bidasoa Atletiko Taldeko atletek lan ona egin zuten bertan, eta Gipuzkoako bi errekor eta zenbait estatuko eta Europako minimak lortu zituzten. 18 urtez azpiko emakumeen errelebo motzean, adibidez, Gipuzkoako errekorra egin zuten Irungo kirolariek, eta Beñat Miquelarenak ere gauza bera lortu zuen 18 urtez azpiko 100 metroko lasterketan.

Bidasoa Atletiko Taldeko emakumeek urrezko bi domina eskuratu zituzten Gipuzkoako Txapelketan. Lehena errelebo motzean (4x100) parte hartu zuten emakumeek eskuratu zuten (Ana Gomez, Alazne Garrido, Martina Villar eta Teresa Errandonea). Errandoneak, gainera, estatuko minimoa lortu zuen 200 metroko proban, lesio batetik osatu ondotik. Finalerdietan 13,31 segunduko denbora egin zuen eta honek finalerako txartela eman zion. Finalean, 13,22 segundu lortu bazituen ere, ezin izan zuen urrezko domina eskuratu. Emakumeen bertze urrezko domina Laia Olascoagak irabazi zuen, 48,01eko denbora eginez.

18 urtez azpiko emakumeek zilarrezko domina eskuratu zuten errelebo motzean (Alaine Aguerralde, Uxue Garrancho, Izaro Pagazaurtundua eta Leire Martiarena). Emaitza honek Gipuzkoako errelebo motzeko errekorra eman zion taldeari. Hauez gain, Naia Llorente, Izaro Irastorza eta Ane Etxebeste Gipuzkoako txapeldunorde bilakatu ziren euren probetan. Llorente altuera jauzian (1,63 metro), Irastorza xabalina-jaurtiketan (31,85 metro) eta Etxebeste 3000 metroko martxa proban (20:05,31 minutu). Azkenik, Jare Garciak disko-jaurtiketan brontzezko domina eskuratu zuen (23,95 metro). Guztira, 32 puntu batu zituen BATek eta bigarren sailkatua izan zen, Atletico-ren gibeletik (46 puntu) eta Renteria-ren aitzinetik (21 puntu).

Gizonezkoen taldea Gipuzkoako txapeldun

Gizonezkoen taldeak ere zenbait garaipen eskuratu zituen Anoetan. Hasteko, Beñat Miquelarenak urrezko domina eskuratu zuen 100 metroko proban, Gipuzkoako 20 urtez azpiko errekorra lortuz gainera (10,69 segundu). Emaitza hau klubeko errekorra da ere. Honez gain, Iker Arozena ere lehen postuan sailkatu zen 7,81 metroko jauzia eginda (haizearekin baliogabea izan zen). Arozenak 23 urtez azpiko Europako minimoa lortu zuen ere, oraingoan balioa izan zuen 7,77 metroko jauziarengatik. Honen arabera, atleta gazteak Espoo-n ospatuko den Europako Txapelketan parte hartuko du heldu den uztailean.

Mario Estanga ere Gipuzkoako txapeldun bilakatu zen pertiga-jauzian (4,77 metro) eta estatuko 20 urtez azpiko minimoa ere lortu zuen. Pisu-jaurtiketan Gonzalo Tamayok urrezko domina eskuratu zuen (13,91 metro) eta bere taldekide den Jon Sansirenea bigarren izan zen proba berean (9,01 metro). Errelebo motzean (4x100), Jon Sansireneak, Ioritz Labandibarrek, Alex Rodriguezek eta Beñat Miquelarenak urrezko domina lortu zuten, 43,60 segunduko proba osatuta.

Zilarrezko dominei dagokionez, Iker Angladak eskuratu zuen 800 metroko proban 1:56,46 minutu eginda. Jon Matey ere txapeldunorde izan zen altuera-jauzian 1,92 metroko jauzia onena lortuta, eta azkenik, Jon Ruizek zilarrezko domina eskuratu zuen mailu-jaurtiketan (38,13 segundu). Nikolas Gomezek aldiz, brontzezko domina irabazi zuen xabalina-jaurtiketan (43,92 metro).

Emaitza guzti hauekin, Bidasoa Atletiko Taldeko gizonezkoak Gipuzkoako txapeldun bilakatu ziren, 40 puntu batuta guztira. Bigarren postuan Atletico San Sebastian sailkatu zen (28 puntu) eta hirugarren postuan, Renteria (20 puntu).