EMAKUMEAK LAUGARREN ETA GIZONEZKOAK HIRUGARREN LIGAKO LEHEN JARDUNALDIAN
Bidasoa Atletiko Taldeko emakumeek ez zuten Liga behar bezala hasi Iruñean eta gizonezkoek, Gijonen, hirugarren postua eskuratu zuten puntu erdiko aldearekin
Ligako lehen jardunaldia jokatu zuten pasa den asteburuan Bidasoa Atletiko Taldeko emakume eta gizonezkoak. Lehenak Iruñean izan ziren eta, nahiz eta ez zuten txapelketa behar bezala hasi, laugarren postua eskuratu zuten. Gizonezkoak aldiz, Gijonen lehiatu ziren eta bertan, hirugarren postuan sailkatu ziren, erabaki polemiko batek bigarrena eragotzi ondotik.
Emakumeek eguraldi hotz eta euritsuarekin ekin zioten Ligako lehen jardunaldiari Iruñean. Aurkari latzak zituzten hasieratik (Atletico SS, Pamplona Atletismo eta Scorpio) eta egun gogorra biziko zutela aurreikusten zuten. Horrez gain, harrobiko nesken taldeak zenbait baja garrantzitsu zituen. Hala ere, ohorezko mailan lehiatu ziren atleta aunitz, horietako batzuk debuta eginez, eta ahal bezain mailarik altuena erakutsi zuten.
Goizane Garciak bigarren postua eskuratu zuen disko-jaurtiketan, marka pertsonal onena eginda gainera (40,14 m). Elena Martinek ere postu bera errepikatu zuen 1500 metroko lasterketan, 4:27,65ko denborarekin. Azkenik, Blanca Garciak ere bigarren postua irabazi zuen xabalina-jaurtiketan, 42,55 metro eginda. Hirugarren postuan berriz, Eunate Martinez sailkatu zen, altuera-jauzian 1,66 metrokoa lortuz. Erreleboka (4x100) ere, 48,43 segunduko denbora egin zuen Ana Gomezek, Laia Olascoagak, Martina Villarrek eta Leire Martiarenak osatutako taldeak, hauek ere hirugarren postua eskuratuz.
Guztira, emakumeek laugarren postuan sailkatu ziren Ligako lehen jardunaldian, 104 puntu batuta. Aitzinetik, hirugarren postuan, Scorpio sailkatu zen (157,5), bigarrenean Pamplona Atletismo (185,5) eta lehen postuan, Atletico SS (199).
Gizonezkoak hirugarren postuan
BATeko mutilak Gijonen izan ziren Ligako lehen jardunaldia jokatzen. Hauen aurreikuspena laugarren postuan sailkatzea bazen ere, egindako lanak hirugarren posturako lehia ireki zuen. Horrela, bigarren postuan izan zen taldea egun guztian zehar, epaileak erabaki polemiko bat hartu bitartean 4x400eko proban. Epaileak ebatzi zuenez, lehenengo errelebistak hiru aldiz zanpatu zuen barruko marra eta horren ondorioz, taldea kanporatua izan zen probatik. Edonola ere, bertze sei lehen postu, sei bigarren postu eta lau hirugarren postu eskuratu zuten BATeko atletek.
Iker Arozena izan zen kirolaririk nabarmenena. Luzera-jauzian lehen postuan sailkatu zen (7,43 m) eta 100 metroko lasterketan hirugarren postua eskuratu zuen (10,72 segundu), proba honetan klubeko errekorra ere lortuta. Joaquin Alonsok ere garaipena eskuratu zuen 400 metroko hesi-lasterketan (54,52), baita Mario Estangak ere pertiga-jauzian (4,50 m). Lehen postuan sailkatu zen bertze atleta bat Juan Errandonea izan zen, 15,02 metroko jauzia eginda. Asier Zarandona ere garaile suertatu zen disko-jaurtiketan (44,22 m), eta azkenik, erreleboka ere Ander Garaiar, Beñat Miquelarena, Tirso Ocaña eta Erik Fernandez lehen postuan sailkatu ziren, 41,99ko denborarekin.
Bigarren sailkatuak berriz hauek izan ziren: Beñat Miquelarena (400 metroko lasterketan, 48,65 segundu eginda), Ander Angalda (800 metroko lasterketan, 1:58,02), Aritz Leonet (1500 metroko lasterketan, 3:57,07), Adrian Eronimedes (3000 metroko oztopo lasterketan, 8:34,49), Aitor Fernandez (pertiga-jauzian, 4,40 metro) eta Gonzalo Tamayo (pisu-jaurtiketan, 13,55 metro).
Azkenik, hirugarren postuan, Abdellah Tagrhafet sailkatu zen, 3000 metro lauetan 8:34,49ko marka eginez. Alex Cuestak ere hirugarren postuan eskuratu zuen jauzi hirukoitzean (13,68 m), eta Jose Leonidasek 5000 metro martxa lasterketa 24:18,84 minutuetan egin zuen eta bera ere hirugarren sailkatu zen.
Mutilek, guztira, 171,5 puntu eskuratu zituzten eta beraz, hirugarren postuan bukatu zuten Ligako lehen jardunaldia. Euren aitzinetik, Oviedo (172 puntu) eta Celta (190,5 puntu).