EMAKUME PALA TXAPELKETAKO FINALA LARUNBATEAN

2022/06/02
EMAKUME PALA TXAPELKETAKO FINALA LARUNBATEAN

Goizean ospatuko dituzte Jostaldin finalaurrekoak eta finala, eta arratsaldean Eman Pilotari Jaia egingo dute haur eta gazteentzat

Larunbat honetan, ekainaren 4ean, bukaera emango diote Emeki Emakume Elkarteak antolatutako aurtengo Emakume Pala Txapelketari. Izan ere, maiatzean zehar jokatutako kanporaketen ostean, finalaurrekoak eta finala jokatuko dituzte asteburu honetan Jostaldi frontoian. Gainera, arratsaldean, haur eta gazteentzat Eman Pilotari Jaia ere antolatu du elkarteak.

Aurreko hilean Soroetan hiru jardunaldi jokatu eta gero, lau bikote iritsiko dira larunbat honetako finalaurrekoak jokatzera. Goizeko 10:00etan emango diote hasiera lehen partidarekin eta bertan, Saioa Altzaga Gibaja eta Laura Terrados Perez izanen dira, Aloña Zabala Irastorza eta Ane Zufiaurre Seijo bikotearen kontra. Bigarren finalerdian berriz, Idoia Karrera Etxebeste eta Loiola Zuazu Iñarra, Xuxuna Otxoteko Zubieta eta Alaitz Badiola Odriozola izango dira aurrez aurre. Bi partida hauetako irabazleek, azkenik, finala jokatuko dute VII. Emakume Pala Txapelketa zein bikotek irabaziko duen erabakitzeko.

Palaren festa ez da hor amaituko, ordea, Emeki Emakume Elkarteak larunbat arratsalderako Eman Pilotari Jaia antolatu baitu. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da, Hondarribiako eskoletako neskek egingo duten palako saio praktiko batekin. 17:30ean, Emeki-ko paleta eskolako haurrek txapelketa jokatuko dute eta ondoren, 18:20ean, berendua ospatuko dute partehartzaile guztiekin. Azkenik, 18:30ean, EPEko pilotari federatuen partida erakustaldia ikusteko aukera egongo da. Eguna borobiltzeko gainera, Emeki-ko pilotariekin nahastuta, kiniela egingo dute.

Azken jai honen helburua Mariaje Berrotaranek, Emeki Emakume Elkarteko kideak, aipatu duen moduan, neska gehiago palan aritzea izango da eta, poliki-poliki, gazteekin taldea sortzea etorkizunean emakumeek frontoian bere lekua hartzeko: “Pilota eskola barruan sartu gara eta hortik lanean ari gara neska gehiago palan aritzeko. Harrobia egin nahi dugu gazteekin”.