EMAITZA ONAK LORTU DITUZTE BAT-EKO ATLETEK

2022/03/16
EMAITZA ONAK LORTU DITUZTE BAT-EKO ATLETEK

BAT-eko kirolariek Espainiako eta Euskadiko Txapelketetan postu onak eskuratu zituzten asteburuan

Bidasoa Atletiko Taldeko zenbait kirolarik 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan eta Euskadiko Txapelketan parte hartu zuten pasa den asteburuan. Lehendabizikoan bost atleta lehiatu ziren guztira, hiru bostgarren postu eta zazpigarren bat eskuratuz. Bigarren lehiaketan berriz, hiru gazte aritu ziren eta hiruek ere dominekin itzuli ziren etxera.

Alde batetik, Antequeran ospatu zen pista estaliko 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan izan ziren Irune Muguruza, Erik Fernandez, Victoria Briso, Camila Sanguino eta Lucia Arrizabalaga. Muguruza 60 metroko hesi-lasterketan lehiatu zen eta finalera iritsita, bostgarren postuan sailkatu zen 8,63 denborarekin, domina lortzetik 0,03 segundura soilik. Erik Fernandezek ere 60 eta 200 metroko lasterketetan hartu zuen parte eta bigarren honetan izan zuen arrakasta gehien. Izan ere, finalerako txartela irabazi zuen eta bertan, 22,42 denborarekin, bostgarren postua eskuratu zuen baita ere. Victoria Brisok ere postu bera lortu zuen pentatloiean, marka onak eginda eta etorkizuna duela ziurtatuta. Azkenik, Camila Sanguinok zazpigarren postuan sailkatu zen pertika-jauzian eta Lucia Arrizabalagak ez zuen finalerdietarako pasea eskuratu, baina kanporaketa ona egin zuen eta esperientzia pilatzen jarraituko du horrela.

Beste aldetik, asteburu honetan ere Euskadiko Jaurtiketa Luzeko Txapelketa ospatu zen eta bertan parte hartu zuten Maider Navarrok, Unax Erasok eta Maialen Diazek, hiruek ere dominak eskuratuz. Navarrok 20 urtez azpiko jabalina jaurtiketa proban zilarrezko domina irabazi zuen, 23 metroko jaurtiketa egin ondoren. Erasok ere bigarren postuan amaitu zuen 18 urtez azpiko mailu-jaurtiketan, 41,05 metrorekin. Azkenik, Maialen Diazek brontzezko domina eskuratu zuen 20,46 metroko jaurtiketarekin 18 urtez azpiko disko-jaurtiketa proban.