Emaitza kaskarrak izan ditu Leka Eneak, Europako bigarren hitzorduaren aurretik
Sonia Etxazarreta teknifikazio zentroan aritu ziren Leka Eneako talde nagusiak asteburuan. Gizonezkoen taldeak 3-3 berdindu zuen San Sebastian de los Reyesen aurka. Ligako talde indartsuenetakoa da madrildarra, eta agerian utzi zuen Irunen. Sailkapeneko seigarren postuan dago Leka Enea, bost punturekin. Emakumeen taldeak ere lehia gogorra eduki zuen, baina ez zuen punturik bildu, 3-4 galdu baitzuen Orballo galiziarraren kontra. Bi puntu besterik ez dituzte bildu oraingoz, eta zazpigarren tokian daude sailkapen nagusian.
Asteburuan, ETTU Cup Europako mailako lehiaketako bigarren hitzordua izango dute bi talde nagusiek. Emakumeak Austrian ariko dira, bertako Linz AG Froschberg, Errusiako SKNT Luch Vladimir eta Espainiako Priego taldeen aurka. Gizonezkoen taldeak Poloniako Torun hirian jokatuko du, bertako Energa KTS, Belgikako Logis Auderghem eta Errumaniako CS Mioveni taldeen kontra. Bi talde onenen artean egon beharko dute, hurrengo kanporaketara pasatzeko.